Ander Edo: 'Dabilen auzoari goroldiorik ez'
Arratsaldeko hiruak eta lauan iritsi zen puntual topoa Loiolara, bidaia hori, ordea, berezia izan zen, izan ere lehen aldiz sartu zen trena geltoki berrian. Ikusmin handia sortu zuen honek hainbat auzotarren artean eta izan ziren soilik trenaren etorrera ikusteko andenera gerturatu zirenak. Diotenez, haurrek beti esaten dute egia, eta egun horretan bete zen gezur galanta den topiko hori, ETB-k bertan zeuden hainbat pertsonari galdetu zion geltoki berriaren inguruan, ederra zela esan zuten batzuek, baina analisirik sinpleena eta zehatzena haur batek egin zuen: “Oso polita da baino asko tardatu dute egiten”.
Ongi baino hobeto laburtu zuen auzotar gazte honek topoaren afera. Izan ere magnitude honetako lan baten aurrean alor arkitektonikoari (oso modernoa) eta ekonomikoari (oso garestia) erreparatu diote komunikabide gehienek, eta badirudi atzean geratu dela giza alderdia (asko tardatu dute).
Loiolatarrok, ordea, badakigu geltoki honek erakutsi duela berriz hiri handietan auzo txikiek bizi duten egoera. Ez da Loiola izan, eta ez da izango zoritxarrez, lanak geldirik izan dituen auzo bakarra. Zentroan pentsaezina dena, periferian errealitatea bilakatzen da. Lagun bati entzun nion bezala, “Donostiak oso garbia du aurpegia eta oso zikina ipurdia”.
Bederatzi urte igaro direnean oraindik ez dira lanak amaitu Loiolan eta desastre honen arduradun politikoek ez dute ez dimititu, ezta barkamenik eskatu ere. Gauzak horrela nahikoa bortitza izango zenez “inaugurazio” ofizial bat egitea jaurlaritzak erabaki du Espainiar ministra batek esango lukeen bezala inaugurazioa “diferituan” egitea. Birritan izan dugu auzoan EAEko lehendakaria beste agintari batzuez lagunduta. Auzoan interbentzio honek izango duen eragina azpimarratu izan du eta inbertsioaren magnitudea ere gogora ekarri du. Photocall preziatuak dira obrak gure agintarientzat eta ezin dute egoera pasatzen utzi, bertan kaskoa eta txalekoarekin argazkia atera gabe.
Aurrera begiratzen dute agintariek Loiolako geltokiaren inguruan hitz egiterakoan, baino auzotarrok ez dugu ahazten lanen luzatzeak ekarri dizkigun arazo guztiak, eta ez dugu inolaz ere ahaztuko mobilizatu ginenean lortu genuela korapiloa askatzea. Izan ere, guzti honetatik zerbait ikasi badugu zera da: dabilen auzoari goroldiorik ez.