Parketarrak, iaz, Loiolako Erriberan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Abian da aurtengo Parketarrak egitasmoa, eta Donostiako hamaika auzotan egingo dituzte saioak. Loiolan estreinako aldiz egingo da. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioa da. Egitasmoaren helburua haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da.
Urtxintxa eskola da egitasmoaren arduraduna, eta bi programatan banatua dago. Bata,
Zabu-zibu da, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa, eta bestea,
Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Lehen saioak Altzan egin dituzte, eta martxoaren 31ra bitartean iraungo du. Donostiako plaza eta parkeetan jolasak antolatuko dituzte.
Iaz oso harrera ona izan zuen egitasmoak eta 2.000 haur inguruk parte hartu zuten, udaletik azpimarratu dutenez. Egitasmoak izandako arrakasta dela eta, esperientzia errepikatuko dute. Loiolara estreinako aldiz eraman dute egitasmoa. Atzo lehen saioa egin zuten, eta hurrengo hiruak hilaren 16, 23 eta 30ean egingo dituzte. Guztiak 17:30ean izango dira, Latsarien plazan.
Loiolan ez ezik, Donostiako beste hamar auzotan ere egingo dituzte Parketarrak egitasmoaren saioak. Hala nola, Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiolako Erriberak, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia, Aiete eta Igeldo auzoetan.