Mirakruz 19 eraikineko aldamio zatia, erorita. (Argazkia: Eider Lizarralde)
Mirakruz 19 eraikinaren aldamio zatiaren erorketa argitzeko espedientea ireki du Donostiako Udalak. Pasa den larunbatean, haize ufada gogorren eraginez jausi zen aldamioa. Zorionez, ez zen ezbeharrik gertatu, baina errepideko zirkulazioa moztu zuten udaltzainek.
Suhiltzaile eta teknikariek bi egun eman zituzten eremua txukuntzen, eta aldamioa zegokion tokian jartzen. Segurtasuna bermatu ondoren, eraikina botatzeko lanekin jarraitzen dute.
Eneko Goia alkateak adierazi du gertatu dena ikertzen ari dela udala. Ordea, Ernesto Gasco sozialisten bozeramaileak beste hedabide batean adierazi duenez, isuna jarriko diote eraikina botatzen ari den enpresari.
Hirigintza sailak jasotako segurtasun txostenaren arabera, irregulartasunak egon ziren aldamioa jartzerakoan. Hori dela eta, ikerketa tekniko berri bat egingo dute, ezarri beharreko isuna zehazteko. Gertaturikoa «falta larria» dela esan du Gascok, eta gutxienez, 75.000 eurokoa izango da zigorra.
Irabazi Donostiak aldamioarekin gertaturikoa salatu du, ohar baten bidez. Udalak segurtasun arauak bermatu behar dituela adierazi du Amaia Martin bozeramaileak. Horrez gain, enpresari isuna jartzeko asmoaren berri prentsaren bidez izan dutela esan du. Hori dela eta, azalpenak emateko eskatu dio Enrique Ramos Hirigintza zinegotziari.