Emakumeentzat Donostia seguruago bat lortzeko, 1996an hasi zen lanean mugimendu feminista. 2013an udalak bere gain hartu zuen puntu kritikoak identifikatu eta eraldatzeko ardura.
Asteartean bildu ziren emakumeen etxean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Emakume anitzentzat hiri seguru bat eraikitzeko asmoz, lau urte inguru daramatzate udalak eta mugimendu feministak puntu kritikoak izan daitezkeen guneak identifikatzen eta eraldatzen.
Donostiako mugimendu feministak 1996an egin zuen lehenengoz Hiri debekatua izeneko mapa. Bertan, emakumeentzat arriskutsuak izan zitezkeen hainbat gune identifikatu zituzten; 2006an egin zuten hurrengoa. Azkenik, 2013an udalak hartu zuen bere gain gune hauek identifikatu eta ahalik eta modu egokienean eraldatzeko ardura.
Guneak identifikatu ostean, 2015ean esku hartzeak egin zituzten eta 2016an herritarrekin parte hartze prozesuak. Azken urtean egindako lana eta lortutako emaitzak aurkeztu eta aurrerantzean dituzten asmoak azaldu zituzten asteartean, Donostiako Emakumeen Etxean.
Iaz egin zituzten jardueren inguruan, hauek aipatu dituzte:?legediak, esku hartzeak hirigintzan, zerbitzuak, espazio publikoaren okupazioa eta erabilera, eta sentsibilizazioa. Olatu Talka egitasmoaren barruan kokatu zuten gune kritikoen egitasmoa, eta aurten ere hala egingo dute.
Helburu argi batekin sortu zuten egitasmoa, “hirigintzan genero ikuspegia txertatzea”, azaldu du Ana Txurruka berdintasun teknikariak. Lehenengo, gune kritikoak zeintzuk diren eta nola ezaugarritzen diren adosten dute; behin guneak definituta, parte hartze prozesu bat abiatzen dute gune horretan egin daitezkeen aldaketak ikusi ahal izateko;?eta, azkenik, posible den neurrian, gune hori aldatzen dute.
Iaz, guztira, sei esku hartze egin zituztela azaldu du berdintasun teknikariak. Gune batzuetan hobekuntza nabariak egin badituzte ere, beste gune batzuk hobetzeko daude. Modu askotako hobekuntzak egin dituzte. Leku batzuetan obrak egin behar izan dituztela azaldu dute, baina beste batzuetan ez da horretarako beharrik egon: “Morlans auzoko etxeen atzean, esaterako, bertako bizilagunen argazkiak jarri dituzte tamaina errealean”. Kasu batzuetan obraren bat egitea beharrezkoa izan den arren, sormenari eta hainbat boluntarioren laguntzari esker, guneei beste ukitu bat ematea lortu dute.
Sei gune eraldatu dituzte
Egitasmoaren hasieran herritarrek 41 gune identifikatu zituzten. Asmoa denak aldatzea den arren, pixkanaka heldu diote lanari. 41 gune horietatik sei guneri eman zioten iaz beste ukitu bat, Olatu Talka egitasmoaren baitan: Morlans, Miramar Jauregiko bidexka bat, Egiako Maldatxo eta Iztueta pasealekuak, San Bartolome, eta Loiola eta Loiolako Erribera arteko bidea.
2015 eta 2016 urteetan egindako lanarekin pozik daudela azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek, eta uste dute ari direla hasierako helburuak betetzen; batez ere, sentsibilizazioan egindako lana goraipatu dute.
Duñike Agirrezabalaga berdintasun zinegotziak azaldu du aurten aldaketekin jarraitzeko diru partida nahikoa izatea espero duela. Izan ere, iaz, egitasmoa Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan sartu zuten, eta, aurten, Kultur Hiriburutzarik gabe, puntu kritikoen egitasmora bideratutako diru kantitatea gutxitu daitekeela ohartarazi du Agirrezabalagak.
Ana Txurruka, Berdintasun teknikaria: “Egitasmoaren jarraipen lana egitea tokatzen zaigu hemendik aurrera”
Zein da puntu kritikoak identifikatzearen helburua?
Hiriko mugimendu feminista aspalditik ari da lanean emakume anitzentzat hiri seguruago bat lortu ahal izateko. Egitasmo honekin hori lortu nahi dugu: emakumeek beraientzat puntu kritikoak diren horiek identifikatzea, eta, ahal dugun neurrian gune horiek eraldatzea.
Zer iruditzen zaizue orain arte egindako lana?
Egokitzat jotzen dugu. Udala ardurak hartzeko prest azaldu da, eta 2013tik bere gain hartu du egitasmoa. Gainera, sentsibilizazio lan handia egin dela uste dut; garrantzitsua da herritarrak ohartzea hirigintza ez dela zerbait objektiboa eta neutroa. Horregatik da inportantea emakume anitzen ikuspegiak kontuan edukitzea, esaterako, aniztasun funtzionala duten emakumeena edo zaintza lanetan aritzen direnena. Bestalde, hainbat puntu kritiko eraldatzeaz gain, atarien ordenantza abiatzea ere lortu dugu, eta oso pozik gaude. Hemendik aurrera ezingo dira atariak egin leku desegokietan. Dena den, egia da ez dugula lortu puntu guztietako arazoak konpontzea.
Nortzuk hartu dute parte egitasmoan?
Berdintasun sailetik bideratu dugun egitasmo bat izan da. Beti egon da mugimendu feminista egitasmoaren oinarrian. Izan ere, udalak puntu kritikoen mapan esku hartu aurretik ere lantzen zen gauza bat zen. Orain, Berdintasun sailak gidatzen badu ere, hainbat arlotako elkarte eta norbanakok hartzen dute parte: hirigintza, partaidetza, ongizate zerbitzuak, udaltzaingoak eta mugikortasun zerbitzuek, besteak beste. Indarkeria matxistaren arazoa oso konplexua da eta, beraz, erantzunak ere konplexua izan behar du. Indarkeria matxistari aurre egiteko bakoitzak bere ardura du, eta kasu honetan ere hala da.
Aurrerantzean ere lanean jarraituko duzue?
Puntu kritikoen mapa zerbait bizia da, zoritxarrez ez da inoiz amaitzen. Hori dela eta, etengabe eguneratzen joatea tokatzen zaigu. Horretan guztian inportanteena jendearen parte hartzea da.
Zein asmo dituzue aurten?
Hasteko, arazoa konpondu dugun puntu kritikoekin zer egin erabaki behar dugu:?mapatik kendu, edo mantendu. Bestalde, oso garrantzitsua da puntu berriak identifikatzen jarraitzea, aurrez aipatu bezala, etengabe ari baitira sortzen. Hala ere, aurten, beste urteetan ez bezala, indar bereziak jarri nahi ditugu ebaluazio sistema bat lantzen. Guretzat oso inportantea da lanean nola ari garen neurtu ahal izatea. Hortik aurrera, segurtasun ikuspegitik hiria eraldatzen jarraituko dugu, eta, nola ez, sentsibilizazio kanpainekin. Egitasmoaren jarraipen lana egitea tokatzen zaigu hemendik aurrera.
Nortzuk hartu dute parte balorazio bileran?
Balorazio bilerak irekiak izaten dira, eta edozein hiritar da ongi etorria. Bertan, egin dugun lana zein izan den entzun eta bere proposamenak egiteko aukera izaten da. Dena den, urte dezente daramatzagu egitasmo honekin, eta guretzat helburu nagusia egitasmoan aktiboki parte hartu duten horiekin biltzea da, eta, horrela, proiektuaren balorazioa eta etorkizuneko asmoak elkarrekin finkatzea. Horretarako,?auzo elkarteekin, hiriko talde feministekin eta elkarte eta eragile ezberdinekin biltzen gara.