Loiolako plazatik agertoki handietara

Duela 90 urte arte, hirian erromeria jendetsuak egiten zituzten, eta Bilintxi esker ezaguna da oso horietako bat. Dantza tradizionalak aldaketa handia jaso zuen orain 20 urte, Aukeran taldearen koreografia apurtzaileekin.
loiolako-erromeria

Loiolako erromerietako bat, 1900 urtearen bueltan. (Argazkia: G. Gonzalez Galarza / STM Museoa)

Gutxi izango dira Donostian eta Euskal Herri osoan ere Behin batian Loiolan inoiz abestu ez dutenak. Bilintxek bere garaian sortutako bertso ederrak dira, eta berari gertatutako pasarte baten berri ematen dute. Izan ere, hitzekin oso abila zen arren, Indalezio Bizkarrondo –horixe baitzuen benetako izena– ez zen itxuraz erakargarria, dirudienez. Hala, arrakasta itzela zuten Loiolako erromeria horietako batetara joan zen behin. «Neskatxa bat» kortejatu, eta ezezko borobila jaso zuen ordukoan ere: «Ni zurekin ezkondu? Ni zurekin? Jai jai!». Gaur egun, taberna zuloren batean imajinatu dezake edozeinek egoera bera, gazteak reggaetonaren erritmoan dantzan ari diren bitartean.

Ligatzeko modu tradizionalak oraindik bizirik dirauen arren, ezin da ukatu dantzatzeko ohiturak aldatu egin direla.

Bilintx Loiolako erromerietara joatea ez da harritzekoa. Behin batean Loiolan liburuan irakur daitekeen bezala, sekulako jendetza biltzen baitzen auzoko plazan, XIX. mendearen bukaeran. Goiko irudia, esaterako, 1900 urtekoa da, eta banakako dantzan dabiltza emakumeak. «Ehunka familia etortzen ziren Donostia eta inguru guztitik auzoa inguratzen zuten zelaietan esertzera, jakiz betetako saskiekin… Donostia osoa Loiolara abiatzen da alaitasuna eta umorea elkartu eta lehertzen direneko zelaietara», dio liburuak. Hamar urte lehenago, 1890ean, La voz de Guipuzcoa egunkariak idatzitako kronika batek honela zioen: «Martzelino Gañatasen zuzendaritzapean udaletxeko txistu eta tuntunez markatutako doinuetara dantzatutako mutil eta neska gazteen dantzek deskriba ezinezko pozezko zirrara sortarazten zuen…».

Diotenez, hiru ziren erromeria egunak: Pazko igandean, jende gaztea elkartzen zen, batik bat; astelehenean, helduak; eta, asteartean, arrantzaleen eguna izaten zen. Gune gehiagotan ere egiten zituzten erromeriak, Ibaetan eta Igeldon, besteak beste.

Birmoldaketaren garaia

_burnia___aukeran

Aukeran dantza taldearen ‘Burnia’ ikuskizuna. (Argazkia: Aukeran dantza taldea)

1927an egin zuten azken erromeriatako bat Loiolan, eta garai hartarako jada hasia zen euskal dantza taldeen mugimendua hirian. Hain justu, 1926an, Jose Lorenzo Pujana kontratatu zuen Añorgako Rezola fabrikak, auzoko gazteei dantzan irakasteko, eta gizartearen babesa lortzeko. Horiexek izan ziren oraindik bizirik dirauen Arkaitz taldearen lehen pausoak, eta badira talde gehiago ere hirian: Trebeska, Eskola, Kresala, Goizaldi…

Eskolan bertan aritu zen dantzan urte askoan Edu Muruamendiaraz; eta hainbat sari jaso zituen dantza sueltoko zein aurresku txapelketetan. Duela 20 urte, ordea, eskema tradizionalak haustea erabaki zuen: «1996an bukatu nuen txapelketen munduarekin, eta garai hartan Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat atera zuen koreografo berrientzat. Ausartu eta nire lehen koreografia atera nuen, Aukeran izenekoa». Dantza tradizionaletan oinarrituta ere, jantziak eta musika aldatu, eta beste bide bat hasi zuen Muruamendiarazek.

Lehen erreakzioak denetarikoak izan zirela dio: «Kritika oso onak eta oso txarrak jaso genituen. Batzuek zioten berrikuntzak beti ongi etortzen direla, eta, beste batzuk, ea nondik atera ginen». Bost minutuko koreografia batetik hasi eta ordubeteko ikuskizunak osatzera iritsi zen Murumendiaraz, Aukeran taldearekin: «Sutargi izan zen lehen ikuskizuna, eta sekulako arrakasta izan zuen. Geroztik beste zortzi bat ikuskizun egin ditugu, eta denek dute oinarritzat tradizionala, garaikidearekin eta klasikoarekin nahastuta».

Pozik dago Muruamendiaraz, ez baitzuen taldea bizirik mantentzea espero: «Etorkizunari begira erronkak hor daude. Ea harrobia mantentzen dugun; mutilak erakartzea izaten da zailena. Nire pasioa ahalik eta gehien zabaltzea nahiko nuke».

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend