"Donostian, benetan, alternatibak eskuragarri daude"
Kontsumitzailearen Eskubideen Nazioarteko Eguna izan da martxoaren 15a; aitzakia horren baitan, hainbat jarduera antolatu ditu Saretuz elkarteak, kontsumo arduratsua bultzatzeko asmoz.
Edurne Pujana; ‘Tipi-tapa’ filmeko partaidea.
Donostiako Kontsumo Kontziente, Arduratsu eta Eraldatzaileko sarea da Saretuz, eta herritarren kontzientziak astintzeko lanean dihardu. Antolatutako kontuen artean, datorren ostiralean, martxoak 24, Tipi-Tapa dokumentala emango dute Loiolan; dokumentaleko protagonistetako bat da Edurne Pujana bilbotarra, kontsumo ohiturak aldatu dituen herritarra.
Setem Gobernuz Kanpoko Erakundeko kidea zara. Zer egiten duzue zehazki?
Kontsumo arduratsuan lan egiten dugu, eta ikerketak egiten ditugu jakiteko nola ekoizten duten gure arropa, nondik datorren erosten ditugun produktuak, finantza arloan zer gertatzen den gure aurrezkiekin… nolabait aztertzen dugu zein alternatiba dauden egunero egiten ditugun erosketen mugimenduetarako, eta horiek sustatzen ditugu.
2010ean hasi nintzen Donostian lanean, eta kontsumo arduratsua ezagutu ahala, nire bizitzan sartu dut. Kontzientzia piztu zitzaidan, eta beste era batera kontsumitzen hasi nintzen.
Zeintzuk dira alternatiba horiek?
Janariaren adibidea jar dezakegu. Gero eta supermerkatu handiagoak ditugu inguruan; eskuragarriak dira, baina aurrez fabrikatutako produktuak ekartzen dituzte, eta fruituak, adibidez, ez dakigu nondik datozen. Alde batetik, kontziente izan behar dugu jakiteko zer jaten ari garen, gure osasunari begira. Bestetik, ingurumenaren arloan, pentsatu behar dugu nola iristen diren produktu horiek eta zenbat kilometro egin dituzten.
Tokiko produktuak kontsumituz, denboraldiaren arabera dagokion produktua kontsumituko dugu. Multinazionalek produktu berdinak ematen dizkigute urte osoan zehar, eta hori naturan ez da gertatzen. Bakoitza bere aroan jan ezkero, gehiago gozatzen da.
Eta arropa?
Arroparekin sistema gaizto bat osatua dago. Markek eta multinazionalek modaren barnean eta erakusleihoei begira bi astero arropak aldatzen dituzte. Zein baldintzatan daude ehungintzan lanean ari diren emakumeak? Hona datozen arropa guztiak Asiatik datoz eta oso soldata baxuak jasotzen dituzte langileek. Pentsatu behar dugu zergatik erosten dugun eta alternatibak topatu behar ditugu.
Finantzen arloan ere badaude alternatibak. Bankuek gure aurrezkiekin inbertsioak egiten dituzte eta askotan gerretara edo armen fabrikaziora bideratzen dituzte.
Badira urte batzuk Donostian bizi zarela, nabaritu duzu aldaketarik jendearen kontsumo ohituretan?
Alde ona eta txarra ikusten ditut. Azken urteetan gero eta mugimendu alternatibo gehiago daude, eta jende asko mugitzen dute. Hala ere, beldur naiz ez ote naizen burbuila batean bizi. Nik badakit non erosi nire egunerokoan, baina ez dakit nik egiten dudana horren normala den. Azken hilabeteetan, esaterako, gero eta denda handi gehiago ari dira zabaltzen Askatasunaren Hiribidean. Beraz, oraindik zer egin badagoela uste dut.
Posible da Donostian era alternatiboan bizitzea?
Bai. Saretuzek mapa bat osatu zuen kontsumo arduratsuan mugitzen diren denda eta kolektiboak identifikatuz. Donostian, benetan, alternatibak eskuragarri daude. Esparru batzuetan, kolektibo pribilejiatuak gara. Egia da jende guztiak ezin duela horrela kontsumitu egunero, baina dauzkagun irizpideak jarraitu ditzateke. Sistema kapitalistaren aurka ari garela argi eduki behar dugu. Nik ulertzen dut familietan, esaterako, zaila dela seme-alabei esatea marka batzuk ezin dituztela eraman,, estereotipoak daudelako. Hala ere, hausnarketak landu daitezke, eta bai ekoizleak eta bai kontsumitzaileak sistemaren menpe gaudela konturatu.
Erosketa garai handiak daude orain…
Bai, San Valentin, Black Friday, amaren eta aitaren eguna… eta kontsumitzera bultzatzen gaituzte. Behar ez ditugun gauzak erostera behartzen gaituzte, eta egin daitezke beste era bateko opariak. Zergatik ez diogu gure denbora oparituko maite dugun norbaiti? Gure aisiari begira, mendi irteera bat ere egin dezakegu, eta ez taberna batean egon denbora guztian.
Nik Saretuzi esker izan dut denda askoren berri. Bi iloba ditut eta ezagutu dut jostailu kooperatiboak dituen denda bat. Feminismoaren ildotik nator eta rolen estereotipoek kezkatzen naute. Badakit zein printzesa ikusiko dituzten pelikulen eta ipuinen bitartez, eta nik beste eredu batzuk erakutsiko dizkiet. Gero nahi dutena egingo dute, baina ikuspegi zabala izan dezatela.
Tipi-tapa dokumentaleko protagonistetako bat zara. Nolatan?
Mugarik Gaberen proiektu batetik dator dokumentala. Emakume bat bilatzen ari ziren, alternatibetan mugituz bizi zena Donostian. Proposamena egin zidaten eta baietz esan nien. Pertsona helduei kontatu nahi zaie benetan aukerak badaudela, bizitza iraunkorrago bat eraman dezakegula.
Nola kontatu duzue hori?
Historiaren haria gizon heldu batek egiten du, Pedro izenekoak. Erretiratu berria da, mundua gehiago ezagutu nahi du, eta galderak egiten hasten da jendeari. Mugarik Gabeko kide bat azaltzen da, eta kontsumo talde bat daramaten baserri batera joaten dira. Gero, nik nire kontsumo ohituren berri ematen dut.
Zein da dokumentalaren helburu nagusia?
Hausnarketa islatu nahi du dokumentalak, baina, aldi berean, erakutsi nahi dugu aldaketa egitea posible dela. Askotan kritikan geratzen gara; kontatzen duguna gehiago edo gutxiago denok dakigu, baina ez dakigu askotan nola aurre egin. Dokumentalarekin erakutsiko ditugu beste bizimodu batzuk.
Saretuzen jarduerak: Egitaraua
- Martxoak 18. Bizipenen Bila bisita gidatua. Kontsumo arduratsu baten alde lanean ari diren Donostiako hiru jarduera bisitatuko dituzte: Jolas kooperatiboen denda bat, alpargatak egiten dituen tailer bat, eta gaztaren bueltako elikadura tailerra. Irteera bulebarretik egingo dute, 11:30ean. Aldez aurretik izen ematea egin behar da, mezu bat bidaliz saretuz@gmail.com posta elektronikora.
- Martxoak 24. Kontsumoa eta zoriontasuna. Saretuzen eskutik, Tipi-tapa bizitza jasangarrietarantz, 35 minutuko dokumentalaren emankizuna; eta, ondoren, solasaldia, dokumentaleko protagonistekin. Loiola kultur etxean, 18:30ean.
- Martxoak 30. Kontsumo arduratsuaz kontu kontari, komunikazio tailerra. Cristina Enea Ingurumen Baliabideen etxean: on-line eta off-line komunikazio ereduak; batez ere, kontsumo arduratsua nola komunikatu eta arduraz nola komunikatu. Informazio gehiagorako: 943.36.75.34 (Idurre).