Ohiko medikuntzara jo gabe, osasuna modu naturalean mantendu, sendotu eta berrezartzen du Angelo Jimenezek. Horretarako, erleekin zerikusia duten osagaiak erabiltzen ditu bere tratamenduetan.
Angelo Jimenez, paziente bat erleen ziztadekin tratatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Kondairak dio Karlomagno erregea hil zenean –814. urtean–, bere gorpua hobeto mantentzeko ezti artean jarri zutela hilabete batzuetan zehar. Arropa garbitzeko ere erabiltzen zuten garai batean, eta idazki batek dio artrosia tratatzeko oso baliagarria zela. «Hainbat erreferentzia ditut; mina zuen orok, erabiltzen zuen», dio Angelo Jimenez apiterapeutak.
Masajista izateko ikasketak egin zituen, eta lan horretan eman ditu urte ugari. Halere, bere amak jasandako minaren ondorioz, erleen mundua ezagutzen hasi zen gertutik: «Amak min handia zeukan lepoan, sorbaldetan eta besoetan; asko kostatzen zitzaion jatea edo burua garbitzea. Medikuarengana joan ginen behin baino gehiagotan, baina pilulek ez zioten mina kentzen».
Bere ama sendatu, edo, behintzat, lasaitzeko beste modu bat egon behar zuela pentsatu zuen Jimenezek; bada, ikertzeari ekin zion: «Alberto Montoya izeneko gizon bat ezagutu nuen Iruñean, erleetan aditua eta erlezaina. Erleen ziztaden bidezko tratamendu bat jaso zuen amak, eta izugarrizko hobekuntza nabaritu zuen».
Animaliak eta, bereziki, zomorroak, betidanik gustatu izan zaizkio Jimenezi, eta Montoyaren tratamendua ezagutu ostean, erleen munduarekiko interesa piztu zitzaion. Hala, bere formakuntza osatzeko ikastaroak egin zituen, eta erlategi bat jarri zuen mendian. Handik, terapiarako behar dituen erleak hartzen ditu; batez beste, 200 erle egunero.
Erle horiek Amara Berrin duen dendara eramaten ditu, Kontsulatu kalera, Martzelino Soroa plazaren ondora. Bertan, tratamenduak ez ezik –Jimenez ez ezik, fisioterapeuta bat ere badago–, denda bat ere badute, hainbat produkturekin. Euren helburu nagusia da osasunari modu erabat naturalean eusten saiatzea, eta, erleterapia baliatuta, osasuna mantendu, sendotu eta berrezartzea.
«Erlauntzak dituen osagaiei esker, –eztia, propolioa, argizaria…– gaixotasun ugarik hobera egin dezakete. Azken batean, ohiko medikuntzara jo gabe, jendearen hainbat arazo konpontzen ditugu. Bizitza kalitatea hobetzen dugu», nabarmendu du Jimenezek.
Horren adibide da erreportaje honetan agertzen den argazkiko emakumea. «Hantura-gaixotasun bat tratatzen ari natzaio. Erleen pozoia immunoerregulatzailea da; beraz, akats immunologiko bat egonez gero, pozoiak berak akats hori zuzendu dezake», azaldu du Jimenezek.
Beste ohiko hanturak izaten dira giltzaduretan sortzen direnak eta artitris bezala ezagutzen direnak. Apiterapeutaren arabera, erleen pozoia injektatzerakoan, zelulek arreta galtzen dute erleen pozoiari aurre egin behar diotelako: «Erlea bizirik egonda injektatzen dugu pozoia, baina garrantzitsua da dosiak oso denbora tarte txikikoak izatea, bat edo bi segundokoak. Normalean, hamabost ziztada egiten ditugu, eta oso garrantzitsua da erabiltzen den erlea heldua izatea».
Erleterapiaren osagarri, Jimenezek dio oso garrantzitsua dela erlategiko produktuak kontsumitzea. Dendan, esaterako, 30 motatako eztia dute salgai, guztiak naturalak eta ekologikoak: «Nekazari ezagunekin egiten dugu lan; harreman estua dugu beraiekin jakin nahi dugulako nondik datorren eztia, nola egiten duten eta abar».
Hala, eztia modu askotan eta arazo ugariri aurre egiteko erabiltzen dute Jimenezen dendan: eztarriko minarentzako, erredurak eta zauriak sendatzeko, arnas aparaturako, loaldia hobetzeko edo burni falta erremediatzeko.
Horretaz gain, propolioa da bezeroei interesatzen zaien beste produktu bat. «Mota askotakoak daude, eta gaixotasunaren arabera modu batean ala bestean ematen dugu: pilulak, gela, espraia…», nabarmendu du Jimenezek.
Jendeak gehien eskatzen duena, halere, tratamendua bera da. «Minik gabe bizitzea posible dela entzun dute, eta tratamenduen bitartez baieztatu nahi izaten dute. Bereziki, zauri aurreratuak dituztenak etortzen dira, etsituta oraindik ez dutelako konponbiderik aurkitu. Eta, egia esan, gehienak txunditurik geratzen dira», azaldu du Jimenezek.
Tratamenduak gaixotasun edo minaren arabera irauten du. Ohikoenak tendinitisak eta lehen aipatutako hanturak izaten dira: «Terapia denboran luzatzen da, eta jarraipena behar du izan, baina lehenago azterketa bat egiten diogu pazienteari. Mina berriki sentitu badu, beharbada, hiru asteetan murrizten zaio; baina hamabi urte badaramatza tendinitis batekin, luze joko du tratamenduak».
Sendagaia baino gehiago
Jimenezen esanetan, horrelako tratamendu eta produktu naturalak probatzeak merezi du: «Adibidez, gizon asko etortzen dira erle ogia erostera, prostatarentzako oso ona delako. Nik ezagutu ditudan kasuen %80ak hobekuntza nabaritu du».
Azken finean, apiterapeutaren arabera, erleekin zerikusia duten produktu guztiak sendagaiak dira eta sistema immunologikoa sendo mantentzeko balio dute. Baina ez hori bakarrik, «gorputza ere elikatzen dute; nolabait, zelulen bidez elikatzen dute organismoa. Esate baterako, 35 gramo polen hartzen baditugu egunero, ziurtatzen ditugu behar ditugun animalia bitamina eta proteinak».