Aurtengo Aste Nagusi Piratan, kofradia berri batek hartuko du parte: Kantauri. Alaitasunetik eta euskal kulturatik, kolektiboki, konplexuak gainditu nahi dituzte.
Kantauri kofradiako kide batzuk. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Piratek 12 kofradia izango dituzte aurtengo Aste Nagusian. Izan ere, Kantauri izeneko kofradia berriak bat egingo du Aingura, Jaraneroak, Eskandalosa, Eskifaia, Filibusteroak, Kalepoza, Sardiñerak, Traganarrua, Ubarroiak, Xibaro49+ eta Pirata Bihurriekin.
Kofradia berria leku askotan aldi berean sortu zela diote kideek, eta bakoitzak modu desberdinean bizi izan zuela hasiera. Halere, denek argi ikusi zituzten Kantauri sortzearen arrazoiak. «Emozioak adierazteko beti jo izan dugu euskal kulturara. Beti gustatu izan zaigu gure artean kantatzea, euskal kulturarekin lotura duten jardueratan parte hartzea, eta, gainera, hori aitzaki izatea elkar zaintzeko eta elkar animatzeko», adierazi du Kantauri kofradiako kide Beñat Gaztelumendik.
Donostiako Piratetan hori adierazteko kofradia bat falta zela ikusten zuten: «Horretarako gune asko zeuden, bai, baina ez modu antolatuan. Parrandan ginela beti ateratzen zen horren bueltan kofradia sortzeko ideia, eta iazko Aste Nagusian animatzen hasi ginen. Jende desberdinarekin hitz egin genuen, eta, azkenean, azaroko iluntze batean elkartu ginen, Mikel Laboaren heriotzaren urteurrenean. Une horretan sortu zen ofizialki Kantauri kofradia».
Eneko Sierrak, Kantauriko beste kide batek, ez zuen asmorik kofradietan parte hartzeko: «Baina hain ondo pasa genuen gaupasa egiten eta dena planifikatzen… Iazko Aste Nagusian, gainera, ikusi genuen jendea gogotsu zegoela; beraz, kofradia sortu behar genuen».
Partaide gehienak Eskifaia kofradian ibilitakoak direla azaldu du Esti Mitxelenak, beste kide batek: «Gazteei zuzendutako kofradia da Eskifaia; urteak generamatzan bertan, eta tokia utzi behar genuela sentitzen genuen. Nire ustez, kofradietan aldaketak ematea ezinbestekoa da».
Halere, denak ez datoz beste kofradietatik, badaude Donostiako Piratetan lehen aldiz aktiboki parte hartzen ari direnak ere. «Gasteiztarra naiz, baina urteak dira hemen bizi naizela. Nahiz eta jaietan ibili, beti egon naiz antolakuntzatik kanpo. Gogoa nuen kofradia batean sartzeko, eta Uxoak animatu ninduen», gogoratu du Olatz Perez de Viñasprek.
Kolektiboki, konplexuak gainditzeko topaleku izatea nahi dute Kantauri. «Gure aitzakia kantua dela dirudi, baina benetan interesatzen zaiguna da nolabaiteko zaintza egitea, jaietan integrazioa bilatzea eta aniztasuna zentzu guztietan ziurtatzea», nabarmendu du Sierrak.
Gaztelumendik gehitu du hori guztia alaitasunetik eta elkarrekin egiten dutela: «Saiatzen gara bakoitzak bere ekarpena egitea, baina taldetik gauzak sortzea da gure dinamikaren oinarria. Horregatik, jarduerak baino garrantzitsuagoak dira balioak; euskal kulturatik eta alaitasunetik denok hitz egiteko tartea eta gure espazioak izatea».
Hori guztia euren izenean eta leloan adierazi nahi izan dute. «Hemen gauden gehienok obsesioa dugu hitz jokoekin, eta bileretan bata bestearen atzetik botatzen ditugu. Kofradiaren izena proposatzen hasi ginenean, Kantauri atera zen, eta kantari eta itsasoarekin zerikusia duenez, polita iruditu zitzaigun», adierazi du kofradiako kide Uxoa Iñurrietak. Leloarekin –Koplajurik gabe!– beste horrenbeste gertatu zitzaien; koplekin eta konplexurik gabe kantatzearekin zerikusia duelako aukeratu zuten.
Izena zein leloa agertuko dira euren txalekoetan: «Derrigorrezkoa da kofradia guztietan txalekoa janztea, baina oraindik ez dugu ezer erabaki. Logoa diseinatu dugu eta, ziurrenik, atzealdean joango da. Txalekoa, beharbada, gris iluna izango da, eta aurrealdean estanpatu koloretsu bat eramatea bururatu zaigu, festa, kolorea eta aniztasuna erakusteko». Txalekoak euren kabuz prestatuko dituzte, antolatuko duten josteko tailer baten bidez.
Kultur aniztasuna
Egitarauari dagokionez, ideia mordoa dituzte, baina oraindik gehiena zehaztu gabe daukate. Proposamenen artean dago kultur aniztasunaren inguruko bazkari bat egitea: «Euskal kulturaren transmisioa garrantzitsua da, baina Donostian dauden beste kulturekin ere bildu nahi dugu. Horregatik, herrialde desberdinetako elkarteak gonbidatuko genituzke, bakoitzak bere pintxo edo plater tipikoa egin, eta horiek eskaintzeko. Ondoren, polita izango litzateke kultura bakoitzak bere kantak abestu edo dantzatzea».
Horrekin batera, beste kofradiekin elkarlanean jarduerak antolatuko dituztela ziurtatu dute: «Gure espiritu eta balioetatik uste dugu aberastu ditzakegula beste kofradiak».
Hortaz, gogotsu, indarrez eta beste kofradiekin lanean jarduteko prest daude Kantauriko kideak. «Jendea erakarri nahi dugu, taldea handitu, baina talde trinkoa mantenduz», azpimarratu du Iñurrietak. Kofradian parte hartzeko interesa duen orok hiru aukera ditu: harremanetan jarri euren Facebook orrialdearen bitartez –Kantauri Kofradia–,
koplajurikgabe@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidali edo, zuzenean, antolatzen dituzten bileretara joan.