1917ko uztailean ireki zuten Pasealeku Berriaren lehen zatia; Salamanca pasealekutik kaira bitartean kilometro bateko luzera duen bidea da, eta herritar zein bisitari askok paseatzeko gune gogokotzat dute, bere sorreratik.
Pasealeku Berriaren eraikuntza, 1917an. (Argazkia: San Telmo Museoaren bilduma)
Hiriko gune erakargarrienetako bat da Pasealeku Berria, duela ehun urtetik. Punta batetik bestera erraz joan daiteke oinez, 30 minuturen bueltan, eta, eguraldi onarekin, askok hautatzen duten ibilbidea da. Itsasoa parez pare jartzen dio bisitariari: itsasoa bare dagoenean, lasaitasunarekin erlaxatzeko aukera ematen du, eta itsaso mugitu eta zakarrarekin, olatuen ikuskizunaz gozatzeko aukera ematen du –kontu handiz ibilita, beti ere–. Seguraski, iraileko lehenengo bi igandeetan biltzen da urtero jende gehien pasealekuan. Denak itsasoari begira egoten dira, koloredun kamisetak soinean, arraunlariak nor baino nor dabiltzan bitartean, Kontxako Bandera lortzeko borrokan. Aste Nagusian ere, jende andana ibiltzen da atzera eta aurrera, oihu eta algara artean, barraketan jolasean. Bestela ere, urtean zehar, paseatzeko eta korrika egiteko ibilbidearen parte dute donostiar eta atzerritar ugarik.
Urgullen gonapean, Salamanca pasealekutik kaira arteko bidea hartzen du Pasealeku Berriak; Kursaal paretik Aquariumera bitarteko bidea da. Guztira, kilometro bateko luzera du, eta denborale gogorrek eta itsasoaren eta haizearen haserrealdi biziek gogor astindu dute maiz. Horrela, 1917an ireki zutenetik, konponketak eta berrikuntzak behar izan ditu, noski, kalteei aurre egiteko. Gainera, segurtasun kontuak tarteko, itxi egiten du udalak denborale gogorreko garaietan, arriskua saihesteko.
Pasealekuaren historia Javier Sada historialariak jaso zuen San Sebastian calle a calle liburuan (1985). Bertan kontatzen du nola hiru fasetan eraiki zuten pasealekua. Zehazki, Luis Balanzar udal obretako ingeniariak egin zuen proiektua, 1915ean. Balanzarrekin batera lanean aritu zen Kontxako barandaren diseinatzailea, Juan Rafael Aldai udal arkitektoa. Hamar metroko zabalerako bidea diseinatu zuten bi lagunek, alde bakoitzean espaloi banarekin. 1917ko uztailean inauguratu zituzten lehenengo bi zatiak, eta, hirugarrena, 1919ko uztailean.
(Argazkia: Aritz Sorzabal)
Bitxiak dira izen ofizialak izan dituen aldaketak. Hasieran, Asturiasko Printzipea pasealekua izena jarri zioten. Gerora, ordea, monarkia erori zenean, Errepublikaren Pasealekua izena hartu zuen; eta, 1937ko ekainean, Jose Antonio Primo de Rivera izendatu zuten. Azkenean, 1979ko uztailean, ofizialki Pasealeku Berria deitu zioten, donostiarrek erabiltzen zuten izena.
Goiko irudian, pasealekuaren eraikitze lanak ikus daitezke. Idiek bultzatutako gurdien gainean ageri dira bidea egiteko erabili zituzten harriak, eta langile gutxi batzuk jo eta ke lanean ari dira. Gipuzkoa argitara erakusketa berrian topa daitezke halako ehun argazki baino gehiago. Izan ere, San Telmo museoak aukeraketa bat egin du bere bilduman, 1855 eta 1930 urteen arteko irudiekin, eta Gipuzkoako hainbat irudi berezi ikusgai jarri dituzte.