Gipuzkoa Zutik mugimenduak sinadura bilketa abiatu du erraustegiaren finantzazioa argitzeko eskatuz
Gipuzkoa Zutik mugimenduak sinadura bilketa bat abiarazi du Zubietako erraustegiaren finantziazioaren inguruan agintariei argibideak eskatzeko, Argia aldizkariak argitaratu dunez. Egia jakin nahi dugu: erakutsi erraustegiaren kontratua izenburupean abiatu dute kanpaina. Ahalik eta herritar gehienen atxikimenduak eskuratzea dute helburu, Markel Olano Gipuzkoako Aldun nagusiari eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari eskatzeko herritarrei azaldu diezaietela Zubietako planaren kontratua. Mankomunitateetako agintariei ere eskatzen diete gauza bera.
“Garai latzak bizi ditugu Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Herritar gehienok ekonomikoki oso kolpatuta gaudela, aberatsen eta gainontzeko guztion arteko tartea izugarri hazten ari da. Bitartean, Gipuzkoako Aldundiak behar ez dugun erraustegi bat eraiki nahi du diru publikoarekin nola edo hala. Albiste solteak ateratzen arren, ez dugu 35 urtetarako zorpetuko gaituen kontratuari buruzko informaziorik”, azaldu dute.
Azaldu dute orain gutxi jakin dutela gipuzkoarren diru publikotik 60 miloi euro ordaintzen ari direla EAJk “ezkutuan” sinatu duen hitzarmen batengatik: “Kalkulatzen da 1.500 milioi euroko zor publiko ilegitimoa eragingo digula erraustegiak. Eta gainera, diru horretatik ehunka milioi euro zuzenean irabaziak izango direla enpresentzat. Jakin dugu erraustegiaren proiektua sinatuz gero, ondoren albo batera uzten bada 600 milioi euro oparitu beharko dizkiegula enpresei, kalte ordain kontzeptuan. Herritarron dirua, zerga bidez jasoa, zuzenean %1aren poltsikora kontratu eta kalte ordain kontzeptuetan”.