Korrikari buruzko gehigarri berezia argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk
Ostegunean abiatuko da 20. Korrika Otxandiotik. Donostiara apirilaren 4an iritsiko da, eta IRUTXULOKO HITZAk zortzi orriko gehigarri berezia argitaratuko du ostiralean, ohiko astekariarekin batera. Korrikak Donostian nolako ibilbidea egingo duen jasoko dugu: auzoz auzo, eta gune bakoitzean prestatuko dituzten jarduerak bilduko ditugu. Korrikaren harira prestatu diren bi dinamikaren berri ere emango dugu. Batetik, Intxaurrondon egingo duten 20 orduko maratoia, eta hainbat gaztek Korrikak irauten duen egunetan zehar euskaraz egiteko hartuko duten konpromisoa.
Hainbat euskaltzaleri galdetuko diegu Korrika zer den eurentzat, nola bizi duten. Horiek guztiak inkesta batean jasoko ditugu. Aurtengo Korrikan hainbat lan egin dituen Hiru Damatxoko kideak ere izango dira protagonista. Kepa Matxainek azalduko digu nolako esperientzia izan den Korrikaren bideoklipa egitea, eta euskararen inguruko dokumentala egitea. Hau guztia eta gehiago aurkituko duzu ostiralean banatuko dugun gehigarrian.