Amaia Lopez de Luzuriaga, atzo, Otxandion, Korrikaren atarian.
Amaia Lopez de Luzuriaga; AEK-ko kidea
Egiakoa bost aldiz izan da laguntzaile Korrikaren furgonetako lan taldean. 2011koa izan zen bere azkena, baina geroztik ere lotura zuzena mantendu du euskararen aldeko dinamikarekin.
Nola bizi izan duzu Korrika furgonetatik?
Oso esperientzia berezia da. Asko jasotzen da, negar asko egiten duzu… Indarrak ematen dizkizun zerbait da. Lan handia izaten da, baina benetan polita da.
Nolakoa da furgonetako antolaketa?
Bi taldek osatzen dute. Bakoitzean bederatzi bat daude, eta hamalau orduko txandak izaten dira. Ez da beti txanda osoa egun argiz izaten, edo gauez. Ordutegia aldakorra izaten da. Hiriburuak ere banatu egiten dira. Gutxienez pare bat hiriburu izaten ditu txanda bakoitzak, edo hiriburu erdia, ordu asko pasatzen direlako hiriburuetan.
Denetarik egin behar izaten da, ezta?
Bai noski. Lanak banatzen dira talde bakoitzean. Gogoan dut, gure txanda batean rally pilotu bat izan genuela, eta oso aproposa zen leku zailetan gidatzeko. Lanetako bat ere izan ohi da jendea txukun eramatea, lekukoaren atzetik. Hirietan eta jendetza askoko lekuetan oso zaila izaten da. Korrika herriz herri doanean, berriz, dinamika beste bat da.
Mikrofonoarekin jendea animatzeko eta Korrika dinamizatzeko fitxatu ninduten. Egia esan, ahal genuen guztiek betetzen genuen lan hori, eztarriak ez duelako ematen. Nik hiru edo lau Korrika amaiera egin ditut, eta lehertuta bukatu nuen bakoitzean.
Jende askok Korrika furgonetarekin lotzen du.
Helburua ordea, Korrika nola iristen den ikustea da. Horregatik, hamar bat metroko distantzia jartzen da. Baina jendea azkar doa eta furgoneta harrapatu nahian ibiltzen da.
Furgonetako lan taldeak familia moduko bat osatzen duzue?
Bakoitzaren gauza onak eta ez hain onak ezagutzen ditugu. Lo egiteko ere dena konpartitzen dugunez, ondo ezagutzeko aukera izaten dugu. Korrikarekin bi furgoneta doaz beti. Atzekoa baliabideena izaten da. Txanda aldaketa egiterakoan, atzeko furgoneta kilometro batzuk aurreratzen da beste txandaren topaketa guneraino. Han motxila guztiak deskargatu, eta bi kotxetan sartzen ditugu, ondoren antolakuntzaren kotxe horiekin egokitzen den tokira lotara joateko.
Furgonetan ez dago lotarako lekurik. Hamalau orduko txandak izaten direnez, baliteke hamar edo hamaika egunetan zortzitan lo egiteko aukera izatea. Gaupasa, behin baino gehiagotan. Horrek, gorputza eta burua aldrebesten ditu. Egun on esan mikrofonotik, eta arratsaldea izatea gertatu zaigu; eta herri bat aipatu, eta beste batean egon.
Anekdota berezirik duzu?
Gogoan dut Gipuzkoako mendatetxo batean, eguraldi bikaina egiten zuela. Gogotsu ari zen korrika jendea, eta nik Xalbadorren Heriotzean kantua jarri nien. Negar batean jarri nituen ia denak. Izan ere, korrika egiteko eta bizitzeko ez ezik, euskara goxatzeko ere bada. Txanda aldaketan, taberna batera joan ginen zerbait hartzera, eta kantua jarri nuen momentuan korrika ari zen bat hurbildu zitzaidan. «Nirekin asmatu duzu», esan zidan.
Donostian bukatu zen Korrika 17 eta seguru berezia izan zela zuretzat.
Nire azkena izan zen, oso hunkigarria. Baina erdipurdi iritsi nintzen, bi ordu lo eginda urduritasunarengatik. Ur botila bat, txokolatea eta eztarrirako pilula txiki batzuk hartzen nituen denbora guztian. Lehertuta bukatu nuen. Bazkaltzera joan ginenean lo geratu nintzen mahaian.
Furgonetako esperientzia errepikatuko zenuke?
Sasoi betean egon behar da furgonetako esperientzia bizitzeko. Orain fisikoki ez nuke jasango. Gustura egingo nuke zati bat, eta prest nago mikrofonoarekin laguntzeko.
Izan duzu aukera mikrofonoa hartzeko?
Bai, azken bi aldietan lagundu dut. Duela bi urte, Getariatik Zarautzerako bidean hartu nuen mikrofonoa. Behin hasita, Lasarteraino joan nintzen, lau edo bost orduko txanda eginez. Asko eskertu zuten lan taldekoek, eta ateak zabalik ditut horrelako aukeretarako. Orain desberdin bizi dut Korrika.
Aurtengo Korrika nola biziko duzu?
AEK-ko irakaslea naiz, eta euskaltegian badugu nahikoa lan egun hauetarako. Edozein aekidek bezala biziko dut 20. Korrika. Hainbat ardura ditut herrian, Korrika pasatzerakoan, Korrika Txikiarekin lehenago… Beste modu batera bizi ahal izango dut.