Udalak aurreikusitakoaren arabera, hilabete bukaeran hasiko dituzte lanak, eta urtebete iraungo dute. Ametzagaina eta Karmengo Ama kalean egingo dituzte obrak.
Egiako Iruresoro plaza; bi aldeetara doazen bi kaleetan egingo dituzte obrak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Udalak hala erabakita, Egiako zati batean estolderia eta drainatze-sistema berrituko dituzte, hau da, saneamendu sarea. Maria Reina parrokiaren eta Iruresoro plazaren arteko kaleetan egingo dute garbiketa, eta, horretarako, 1,4 milioi bideratuko dituzte. Lanak nori esleitu erabakitzeko lehiaketa publikoa zabaltuko zuen udalak, irailean. Erabakia hartuta, laster hasiko dituzte lanak.
Bilera egin zuten udal ordezkariek, bizilagunei obren berri emateko, astearte arratsaldean, Udal Musika Eskolan. Egiako hogeita bost bizilagun inguru elkartu ziren, eta, horren aurretik, beste bilera bat egin zuten, auzoko dendari eta tabernariekin.
Udalaren ordezkari gisa, hiru zinegotzi egon ziren: Mugikortasuneko Pilar Arana, Partaidetzako Duñike Agirrezabalaga, eta Miguel Angel Diez. Teknikari bat eta obretako arduradunak ere egon ziren han. «Dena ondo doala azaldu ziguten, eta arazorik ezean, urtebetean bukatuko dituztela lanak», dio Egia Bizirik auzo elkarteko Lola Calvok. Guztira, zortzi fasetan egingo dituzte lanak, eta, lehenengo faseetan, Iruresoro kalea irekiko dute. Horrela Ametzagainaren 23 zenbakitik 45era joango dira, beheruntz, guztia berritzen, eta aurtengo abuzturako bukatzea aurreikusi dute. Ondoren, berriro Iruresorora itzuli, eta Karmengo Amatik gorako zatia egingo dute.
Auzotarrei azaldu dietenez, orainarteko hoditeria mantenduko dute, eta ondoan jarriko duten berria, zahar batzuk ezin direlako ukitu. «Okerren dagoen zatia, puskatua omen dagoena, lurzorutik 17 metroko sakoneran dago, Eroskiko kalexkan».
Kezkak argitzeko aukera
Udalak duen asmoaren arabera, ez dute zirkulazioa moztuko. Espaloi batzuk estutu eta aparkalekuak kenduko dituzte, hori bai, zirkulazioa zati horretatik igarotzeko.
Egiakoek izan ditzaketen kezkak argitze aldera, kutxa bat jarriko dute obretako kasetan. Horrela, bertan galderak idatzita uzteko aukera izango dute zalantzak dituztenek.
Obrak laster hasiko dituzte, apirileko azken astean, eta sei hilabeteko epean, beste bilera bat egingo dute bizilagunekin, guztia nola dijoan argitzeko. «Ulertu genuenez, gainera, udalak bere webgunean emango du obren aurrerapenen berri, interesa badugu. Bileran dena oso polita jarri ziguten, baina auzoarentzat kaosa izango da. Eragina izango du eta auzoa hankaz gora egongo da», dio Calvok.
Obrak direla eta, aparkalekuekin dute kezkarik handiena bizilagunek. «Aparkaleku publiko antzeko zerbait jarriko dute, eta kaltetutako bizilagunei bereizgarriren bat emango diete, bertan ibilgailuak utzi ahal izateko», gehitu du.
Jaiekin ere badute kezka, Karmengo Aman lurra altxata egongo den denboran, Porrontxoak izango baitira Egian. «Irailean hasiko dira 23 ataritik gora, eta ez dakit zer egingo duten. Guk pentsatzen dugu lanak berandutuko direla, eta ez dutela jaiekin bat egingo».
Auzo elkarteak, ordea, badu beste kezka bat gehiago, botako dituzten zuhaitz batzuk direla eta. «Karmengo Amaren goiko aldeko zatian, zuhaitz guztiak kenduko dituzte. Esan dutenez, gero beste batzuk jarriko dituzte, baina ez gaude lasai».
Hondakin uren ponpatze estazioa jarri dute Zubietan
Añarbeko Urak-ek lortu du bere eskema orokorra amaitzea, Zubietan egindako azken lanei esker. Oria Beheko saneamenduko interzeptorea abian jarri zuen, 2016ko apirilean, 29 milioi euroko inbertsioa egin ostean. Zubietako saneamendua lotu dute interzeptore horrekin, eta, horrela, Oria erriora egiten zituzten isuriak geratu dituzte. Lanen baitan, hondakin uren ponpatze estazio berri bat eraiki dute Zubietan, Oriaren ezkerraldean, Aliri zubiaren inguruan.
Horrela, isurketa guneak kentzea ahalbidetu dute; Irigoien eta Urbitarte kaleen artean zegoena, eta Txikierdi eta eta Zubieta lotzen dituen tartean zegoena. Izan ere, orain arte, Zubietako saneamendu sareak zuzenean Oria ibaira isurtzen zituen hondakin urak.
Arduradunen arabera, Añarbeko Urak-entzat interes handiko xedea izan da beti inguru horren ingurumen baldintzak: 400 biztanle zituen Zubieta eta Oria ibaia. Saneamendu sarea eraiki eta hobetzeko, biztalde bakoitzeko 4.500 eurokoa izan da Zubietan egin dituzten esku-hartzeak, 2002tik: Ipar eta Hego Zubietako saneamendua, Zubietako erdiguneko saneamenduaren obra osagarriak, Zubietako landa guneko saneamendua, Zubietako saneamendua eta Oria Beheko interzeptorearen lotura.