VIII. Sudur Krosa apirilaren 22an egingo dute aurten, Donostiako Piratek antolatuta. Hiriko lasterketarik bereziena da Nieves Ruiz de Gaunarentzako (Egia, 1962).
Nieves Ruiz de Gauna, Egiako korrikalaria. (Argazkia: Lide Ferreira)
Nieves Ruiz de Gauna. Korrikalaria.
Betidanik izan zara kirolaria?
Kirola egitea gustatu izan zait beti, eta boladak izan ditut. Korrika egiten hasi baino lehen, kirol desberdinak tartekatzen nituen. Baina erretzeari utzi nionetik, korrika egiteko ohitura hartu nuen, eta astean bitan edo hirutan entrenatzen dut. Horretaz gain, palan ere aritzen naiz.
Zer nahiago duzu: taldean ala bakarrik korrika egitea?
Gehienetan, bakarrik joaten naiz korrika egitera, eta egia da batzuetan gogoa izan dezakedala bakarrik joateko, baina nahiago dut jende gehiagorekin batera korrika egitea. Oso ezberdina da. Korrika egiten duzun bitartean, hitz egiten zoaz eta gogotsu hartzen duzu ariketa fisikoa egitea. Gainera, nagitasun pixka bat baduzu, ez duzu aitzakiarik; joan behar duzu, besteekin geratuta zaudelako [barrez].
Urtean zehar, zein lasterketatan hartzen duzu parte?
Normalean, lau bat egiten ditut urtean: Sudur Krosaz gain, San Silvestre, Lilatoia eta Behobia.
Zerk erakarri zintuen Sudur Krosetik?
Egiakoa izanik, auzoko lasterketan parte hartzea oso berezia da niretzat. Gainera, Jon Jaka hasi zen antolatzen, eta ikusten nuen kriston lana egiten zuela lasterketa aurrera eramateko. Gogoan daukat entrenatzera joan eta Jon ikustea parkeko ibilbidea neurtzen. Pentsatu nuen aldaparen bat igotzea kostatuko zitzaidala, baina esfortzu horrek mereziko zuela. Eta hala izan da. Asko hunkintzen nau Egiako parketik zehar korrika egiteak.
Lasterketa arriskuan zegoela jakin zenuenean, zer pentsatu zenuen?
Pena handia hartu nuen. Hainbeste lan egin ondoren, dena galtzea…
Baina pozik egongo zara iaz Donostiako Piratek hartu zutelako antolakuntzaren lekukoa.
Oso pozik. Sudur Krosaren filosofia mantendu dute, eta jende pila bat dago laguntzen eta antolatzen. Ia ez da aldaketarik nabaritu; gainera, Jon ere hortik dabil.
Nolakoa da Sudur Krosean parte hartzea?
Sudur Krosa jai bat da, eta niretzako hiriko lasterketarik bereziena. Egia da, azken bueltan, aldapan gora asko sufritzen dudala, baina gero jaisten zarenean, ikusten duzu jende pila animatzen, eta oso polita da. Ibilbidean zehar ere auzotar ugari egoten da animatzen.
Orokorrean, zazpi bat lagunekin egiten dut Sudur Krosa, eta beti aldarrikapenen batekin. Adibidez, presoen argazkiekin egiten dugu ibilbideko azken zatia. Egiako neska talde bat hasi ginen emakume presoen alde korrika, eta gero elkartzen gara postalak egin eta eurei bidaltzeko. Sinatzen ditugu eta bertsoren bat edo zerbait idazten diegu atzealdean. 200 postal inguru egin izan ditugu! Egiako presoei ere kamiseta, dortsala edo halakoren bat bidaltzen diegu.
Markaren bat egiteko asmoa izaten duzu?
Egiako lehenengo emakumea izan naiz urteren batean, baina niretzako hori ez da garrantzitsua. Lasterketaz gozatzea da nire helburu nagusia.
Izen ematea zabalik dago
Hamabost egun besterik ez dira falta sudurrak izerditzeko. Izan ere, apirilaren 22an, VIII. Sudur Krosa egingo dute, Egiako parketik barrena. Parte hartzaileak 17:00etan abiatuko dira, eta 6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.
Lasterketan izena eman daiteke jada, Herrikrosa.eus webgunearen bitartez edo hiru tabernetan: Rekalden (Parte Zaharra), Triku Harrin (Antigua) edo Katan (Egia).
Helduez gain, haur eta gaztetxoek ere aukera izango dute korrika egiteko. Hain zuzen ere, V. Sudur Txikia egingo dute, 16:00etatik aurrera.