Irabazi Donostia taldeko Loic Alejandro eta Amaia Martin, gaur eman duten prentsaurrekoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Irabazi Donostia taldeko
Amaia Martin eta Loic Alejandrok prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean. Bertan, udalak eta aldundiak Kursaal eraikinarekin duten asmoaren berri eman dute, eta euren adostasuna adierazi ere. Izan ere, eraikinaren aurrealdean –Urumea ibaira ematen duen aldean–,
1.260 metro koadroko pantaila bat jarri nahi dutela adierazi dute,
400.000 euroko kostua izango lukeena. “Bozeramaileen batzordean dokumentu bat aurkeztu ziguten, pantailaren ezaugarriekin eta eman nahi zaion erabilerarekin”, esan du Martinek.
Azaldu dutenez,
egungo argiztapen sistema aldatuko litzateke, eta fatxadaren beirazko xaflen artean LED puntuen sare bat jarriko lukete. Argiztapen berri hori erabiliko litzateke, besteak beste, nabarmentzeko Kursaalaren barrualdean ospatzen diren zenbait ekitaldi eta horien sustatzaile eta babesleen irudia. Beste aukera bat da erabiltzea Kontxako Bandera edo Behobia lasterketa zuzenean jarraitzeko.
Babestutako eraikina
Dokumentu horretaz gain, 2015eko Kursaaleko
txosten tekniko bat eman zieten. Bertan esaten dute pantaila digitalak ez diola kalte fisikorik egingo eraikinari, ez eta inguruneari ere, argiztapena erregulatua egongo delako. “Kursaala hiriko eraikin esanguratsu bat da, eta
C mailako babesa du. Nahiz eta pantailak eraikina ez kaltetu fisikoki, bere arkitektura bereziagatik babestutako eraikinaren fatxadetako bat iragarki pantaila handi batean bilakatuko da. Gainera, txosten teknikoaren arabera, bestelako xedapen legalak kontuan izan behar dira: adibidez, ezin direla erabili merkataritza edo publizitate asmoekin”, adierazi du Martinek.
Hortaz, euren ustez, pantaila horiek jartzeak ez du araudia betetzen, eta ez datoz bat ezaugarri “hain bereziak” dituen eraikin bati erabilpen hori ematearekin:
“Ezinezkoa da espazio publikoa interes pribatu eta enpresen onerako erabiltzea. Ez dator bat guk defendatzen dugun hiri ereduarekin”.