‘Treblinkara azken trena’ antzezlana bueltan da. Datozen bi asteburuetan eskainiko dute, Larratxo kultur etxean. Astean zehar, berriz, gaztetxoek biziko dute umezurztegiaren esperientzia.
Antzezlanaren irudi bat. (Argazkia: Manuel Diaz de Rada)
Irratsaio baterako elkarrizketa bat egiten ari zenean ezagutu zuen Ana Pimentak Janusz Korczak mediku eta pedagogoa, geroago Vaiven Produccioneseko lanaren protagonista izango zena. «Irratsaioan bertan, Poloniako gizon batekin egin nuen topo, eta Korczaki buruzko biografiaren liburu bat eman zidan. Tarte bat hartu eta irakurri nuenean, liluratuta geratu nintzen», gogoratu du Pimentak.
1942an hil zuten naziek Janusz Korczak, Treblinkako kontzentrazio esparruan, bere ardurapean zituen 200 umezurtzekin. Stefania Wilzynskaren laguntzarekin, hiru umezurztegi sortu zituen –bi, ume katolikoentzako, eta bat, Varsoviako ume juduz osatutako ghetto batentzako– eta bere teoria pedagogikoak iraultzaileak ziren erabat.
Pimentak azaldu duenez, haurren errepublika bat sortu zuen, bere lege, araudi eta zigor kodearekin. Koherentea izan zen azken unera arte: jakinda ere heriotza zutela zain, Treblinkara joan zen.
Hain interesgarria iruditu zitzaion Pimentari Korczaken bizitza, ikuskizun bat egitea erabaki zuela: «Zailtasun handiak ikusten nituen; adibidez, ez nekien ziur nola irudikatu umezurztegi bat. Halere, pixkanaka ideia garatzen joan nintzen, eta 2012an proiektua Donostia 2016ri aurkeztu nion. Garai hartan, Fernando Bernuesek lan egiten zuen Kultur Hiriburutzan, eta proposamena asko gustatu zitzaion. Baina garestia zen, eta Donostia 2016k ez zuen diru guztia jarri nahi izan».
Hori dela eta, Pimenta babesle bila hasi zen: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta bestelako erakundeak. Hala, gutxinaka, Treblinkara azken trena antzezlana ekoizteko behar zuen guztia lortu zuen: «Prozesua oso luzea izan da: lau urte. Lan handia dago ikuskizun honen atzean».
Bernuesek Hiriburutza utzi ostean, Pimentak proiektuan parte hartzeko gonbita luzatu zion. Baiezkoa eman zion, eta argumentua eta ideia pentsatzen hasi ziren: «Erabaki genuen istorioa Treblinkara eraman baino ordu batzuk lehenago hastea, hau da, mediku eta pedagogoaren bizitzaren azken orduak erakustea».
Antzezlanaren irudi bat. (Argazkia: Manuel Diaz de Rada)
Patxo Telleria antzerkigileari eskatu zioten testua idazteko, eta Mireia Gabilondo aktore eta zuzendariarekin elkarlanean egin zuen. Horretarako, Pimentak liburu bat utzi zion: «Korczaken egunerokoaren pasadizoak zeuden bertan, eta oso baliagarriak izan ziren bere istorioa ezagutu eta irudikatzeko».
Iazko urrian estreinatu zuten Treblinkara azken trena, eta, ordutik, 72 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte. Orain, Donostiara itzuli dira, «aurreko emanaldietan jende asko kanpoan geratu zelako». Bihar eta etzi ez ezik, datorren asteburuan ere eskainiko dute 75 minutuko antzezlana, Larratxo kultur etxean, 20:00etan.
Aretoan 200 ikus-entzule bakarrik sartzen dira, «asmoa delako Treblinkan zeuden 200 haur horiek irudikatzea». Publikoa ohatzetan edo mahaietan esertzen da, eta espazio guztietan gertatzen dira gauzak: «Ikus-entzuleak aktoreen ondoan daude uneoro, eta oso erreala da egoera, ez dirudi antzezten ari direnik».
Pimentaren esanetan, antzezlana tragikoa da, bukaera zein den jakina delako, baina umezurztegiaren egunerokoa ikusiko du bertaratzen denak: maitasuna, musika, antzezlan txikiak, epaiketak… «Jendeak dio lotsa ematen diola negar egitea besteen aurrean, baina nolabaiteko sentipen partekatua sortzen da, eta hain da gogorra bizitzen dutena, azkenean, lasai egiten dutela negar. Ikus-entzuleak erabat hunkituta geratzen dira, eta badirudi ez dutela antzezlanaren espaziotik atera nahi izaten. Treblinkara azken trenak emozioz beteriko goraldi bat eragiten du», esan du Pimentak.
Antzezlanaren irudi bat. (Argazkia: Manuel Diaz de Rada)
Gaztetxoentzako ere bai
Treblinkara azken trena ikusteko aukera, ordea, ez dute bakarrik helduek izango. Hain zuzen ere, antzezlana Gipuzkoa osoko 1.600 ikasleri ere eskainiko diete. Donostian, zehazki, hamar eskolatako ia 1.000 gaztetxok biziko dute esperientzia. Ikastetxeentzako saioak antolatu eta koordinatzeaz Ikertze kultur elkartea arduratzen da.
Antzezlana ikustera joan aurretik, ikastetxeetan Ikertzek prestatutako eskutitz bat irakurtzen dute, ikusiko dutena aldez aurretik ezagutzeko. Behin antzezlana ikusita, ordu erdiko tailer bat eskaintzen du kultur elkarteak, eta obraren hainbat ideia lantzen dituzte: eragin dizkieten sentipenak, bizikidetza eta judutarrek bizitakoa, besteak beste.
Gaztetxoen ideiekin hitz lainoak sortzen dituzte, eta horietako bat inprimatu eta ikastetxera bidaltzen dute, euren gelan jar dezaten. Gainera, Ikertzek unitate didaktiko bat ere sortu du eta aukera ematen die eskolei antzezlanarekin zerikusia duten gaiak lantzen jarraitzeko.