Juan Ramon Viles: "Herritarren tramiteak sinplifikatu nahi ditugu"
Lehendakaritza, Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntzako zinegotzi delegatua da Juan Ramon Viles (Erdialdea, 1966). Legegintzaldi erdia beteta, orain arte egindakoa errepasatzeko garaia da.
Bi urte bete dira Juan Ramon Viles zinegotziak hainbat ardura hartu zituela Donostiako Udalean. «Legegintzaldiko bigarren Aste Santua da partidaren atsedenaldia», dio Vilesek. 2011tik da udaleko ordezkaria EAJren udal taldean.
Orain arte egin duzun lanaren zein balorazio egiten duzu?
Lan intentsua izan da, oso intentsua. Alkatearen konfiantza eta eskaera jaso nuen, eta administrazioaren hobekuntza eta modernizazioa aurrera eramateko ardura. Lan gogorra da, eta ikusgarritasun gutxi dauka iritzi publikoari begira. Politikan badirudi hori negatiboa dela. Nolanahi ere, egin nahi genuenarekin zintzoak izan gara hasieratik. Lehenik, pertsona aproposak hautatu genituen. Izan ere, administrazioan beste ikuspegi bat landu nahi dugu, herritarren lekuan jartzen den administrazioarena.
Abian jarri ditugun proiektuak epe luzekoak dira, eta ez legegintzaldian betetzekoak.
Zinegotzi kargu beraren baitan alor hainbaten ardura duzu. Zaila da guztiak kudeatzea?
Bi alor ditu kudeaketa orokorrak. Batetik, egunerokoa dago, eta bestetik, ikuspegi estrategiko orokorra eskatzen duena. Egunerokoari dagokionez, sortzen diren arazoak momentuaren araberakoak dira, alor bakoitzaren baitakoak. Baina ikuspegi estrategikoa bateratua da alor guztientzat, zerbait transbertsala. Lehendakaritzako zinegotzigoa eratzerakoan argi genuen, orokortasun batetik lan egiteko gai izan behar ginela. Giza Baliabideak, Berrikuntza eta Gardentasuna alorrekin ere berdin.
Beraz, Lehendakaritza alorra da guztiak barnebiltzen dituena?
Bai, prozesu intelektuala eta estrategikoa hartzen dituelako. Bertatik duzu udalaren ikuspegi zabalena. Analisiak, aurreikuspenak, abian jarri beharreko prozesuak, lehentasunen erabakimena, … Lehendakaritzatik egitea da egokiena.
Politikariei gardentasuna eskatzen diete herritarrek.
Egia da garrantzia asko ematen zaiola. Baina nire ustez, gardentasuna izen bezala zinegotzigotik kendu beharko genuke hurrengo legegintzaldiari begira. Azken batean, herritarrekiko gure kudeaketak ez du onartzen gardentasuna aparteko elementu bezala, onartutzat eman behar dugu eta horrela jokatu.
Gardentasunaren alorrean, lanketa nolakoa ari da izaten?
Gure lanari dagokionez, eta niri pertsonalki, ez zait kezkagarria iruditzen gardentasun zerrendetan agertzea. Administrazio barruan gardentasun ekosistema bat sortzea da helburua. Lan zailagoa da, baina iraunkorra da denboran. Hasteko, administrazio barruan prozesuak abian jarri behar ditugu gardentasuna bermatzeko. Bakoitza zertan dabilen jakitea ezinbestekoa da. Ondoren, kanpora begira gauza bera egin behar dugu. Baina bakoitzari eskaini nahi diogun denbora ez dugunez, biak aurrera eramaten saiatu gara hasieratik.
Donostiako Udala gardena da?
Norabide onean goazela uste dut. Baina ez da norabide berria. Lehen udal demokratikoak abiatu zuen bidea, eta gu bide horren beste zati bat gara, jarraipena eman diona. Gardentasun aldetik, esfortzuak egin ditu udalak. Garrantzitsua da bide horretan sakoneko lanketa egitea, iraunkorra izan eta atzera bueltarik izan ez dezan.
Nola lor daiteke hori?
Aukera bakarra ikusten dut, eta guk hautatu dugun modua da. Lana isilean eta sakonean egin behar da, ekosistema bat sortu. Argazkian nola ateratzen garen ez da garrantzitsuena. Lantzen ari garenak jarraipena izatea da helburua.
2016an kexa eta iradokizun gehiago jaso dituzue Herritarren postontzian. Zer iruditzen zaizu?
Kopuruak gora egin duela ezin da ukatu. %30 igo dira komunikazioak, eta beraz, normala da kopurua handiagoa izatea. Ordea, proportzionalki kexa eta iradokizunak maila berdintsuan daude aurreko urtearekin alderatuta. Hemen bada kontu bat bitxia dena. Administrazioan eta politikan, kexa modu negatiboan hartzen da. Hobekuntzarako ezinbesteko tresna da kexa; gehiago ikasten da kexatik, kexa ezatik baino. Kexarik okerrena jartzen ez dizutena da.
Beti eredu bera jartzen dut. Denda batera bazoaz eta kexatzen bazara ez duzu denda horrekiko harremana eteten, kexa hori konpontzen da eta bertara joaten segitzen duzu. Zerbait gustatu ez eta kexatzen ez den hori, ez da dendara itzuliko. Administrazioarekin antzera gertatzen da.
Oposiziotik kexa kopuruak gora egin duela kritikatu dute.
Kritika hori ez da datuetan oinarritzen. Normala da komunikazioek gora egin badute, kexa kopuruak ere gora egin izana. Irakurketa politiko bat egiten dute oposiziotik, guztiz zilegi dena. Baina analisirako portzentaiak behar dituzu, eta ez kopuru zehatzak.
Kexa kopuruak adierazten du herritarrak ez daudela gustura udalaren kudeaketarekin?
Ez du zertan erreala izan behar. Irakurketa hori da, titularra hori da, eta ondorioa ere hori da. Gure kultura politikoan kexa gauza oso txartzat hartzen da. Aldiz, beste herrialde batzuetan beste era batera interpretatzen dituzte, eta kudeaketarako erreminta bihurtzen dira.
Kexa eta iradokizunek zer nolako erantzuna izaten dute udalaren partetik?
Hau garrantzitsuagoa iruditzen zait, kopuruari begira jartzea baino. Jasotako komunikazioei erantzutea ezinbestekoa iruditzen zait. Bide horretan hainbat pauso eman ditugu. Departamentu bakoitzean arduradun bat jarri dugu. Lehendakaritzatik hamabost egunero arduradun bakoitzarekin hitz egiten dugu jasotako komunikazioen berri izan, eta erantzun mailaz informatzeko. Pasa den urtearekin alderatuta, erantzun maila nabarmen igo dugu, eta hori bai dela lorpen esanguratsua. %50 izatetik %80-100 artera igo dugu erantzun maila urtebetean.
Legegintzaldiaren bigarren erdirako zein erronka dituzue?
Asko dira. Udaleko Informazio Unitatea osatzea da bat, datuak biltzen eta aztertzen eman ditugu azken bi urteak. 2019rako abian jartzea da asmoa. Datuak hor daude, jaso behar dira, eta bigarren urratsa horiek nola aurkeztu pentsatzea da. Nola izan garden, aurretiazko lana egin ez baduzu? Horretan ari gara. Komunikazioarekin loturiko erronka ere hor dugu. Pasa den astean, irudi korporatibo berria aurkeztu genuen, eta harreman zuzena du gardentasunarekin. Izan ere, udalarekin identifikatzeko erremintak behar ditugu. Pixkanaka aplikatuko dugu irudi korporatibo berria.
Herritarrek egin beharreko tramiteei begira, zein asmo dituzue?
Batetik, tramiteak egiteko irisgarritasuna erraztea dugu helburu. Webgune bidezkoa, zein presentziala. Kanalak hobetzeko erronka dugu partidaren bigarren zatian. Datuetara iristea erraza izatea ahalbidetu behar diogu biztanleriari. Bestalde, herritarren tramite zerrenda sinplifikatu nahi dugu, eta egiteko lekuak biderkatu. Ekipamenduen antolaketa berriari helduko diogu laster.