Txomineko etxebizitzen eraikuntzan lanean ari direnen eskubideak urratzen ari direla salatu du ELAk
Udaletik egoera aztertuko dutela adierazi du Eneko Goia Donostiako alkateak
ELA sindikatuak salatu du Txomineko etxebizitza berrien eraikuntzan lanean ari diren langileen eskubideak urratzen ari direla. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Eraikuntzako hitzarmena ez direla betetzen ari azpimarratu dute. Langileak 10-12 ordu egunean ari dira lanean, larunbatak barne. Horregatik, hitzarmena aplikatzeko eskatu diote udalari. Hori salatzeko hainbat pankarta jarri dituzte eremuan.
Donostiako Udaletik egoera aztertuko dutela esan du Eneko Goia alkateak. “Irakurri dut salaketa hori, eta aztertuko dugu. Hitzarmena ez bada betetzen enpresa eraikitzaileari neurriak hartzeko eskatuko diogu”.
2015ean onartu zuen udalak Txominen 900 etxebizitza eraikitzeko plana. Esleitu zenean, etxebizitzak eraikiko zituzten langileei, gutxienez, Gipuzkoako Eraikuntzako hitzarmena aplikatuko zitzailea zehaztu zen. ELAk adierazi duenez, sindikatuko eraikuntzako arduraduna Goiarekin bildu zen, eta hitzarmena beteko zela esan zion. Ordea, sindikatuak berretsi du ez direla betetzen ari.