Mikel Roman, Eneko Aritza Yaben, Hugo Larrañaga eta Ekain Ormazabal, Doka antzokian.
2007ko maiatzaren 11n zabaldu zituen ateak Antiguako Doka antzokiak. Hamar urte hauetan kulturaren plaza bihurtu da auzoan eta hirian. Bihar, Dordoka Fest jaialdia egingo dute Antiguako frontoian, eta sarrera gutxi geratzen dira.
Ospatzeko modukoa da hamarkada bat betetzea. Are gehiago, irautea kontzertu areto edo plaza askoren erronka bihurtu denean. Donostiako Antigua auzoak gustura hartu zuen Doka Kafe Antzokiaren sorrera, eta hasieratik babesa adierazi zioten auzotarrek. Urteen joan-etorrian, garai onak eta ez hain onak bizi izan ditu Dokak, eta horrela ere, aurrera egitea lortu du.
Hamar urteko bidea ospatzeko opari potolo bat prestatu nahi izan dute aretoko egungo kudeatzaileek. Mikel Roman, Eneko Aritza Yaben eta Ekain Ormazabal hirukoak darama Dokaren gidaritza. «Urteurrena zela eta, Romanek zerbait egitea proposatu zuen», dio Yabenek. Horrela jaio zen Dordoka Fest jaialdia antolatzeko ideia, eta hasieratik argi izan dute ez dela urte bakarrera mugatuko.
Lau taldeko festibal erakargarria antolatu dute biharko. Amparanoia, Siniestro Total, Skakeitan eta Rural Zombies taldeak zuzenean ariko dira Antiguako frontoian, 18:30etik aurrera. Jatorri, estilo eta garai ezberdinetakoak dira, eta Dokakoek hori da bilatu dutena. «Ezohiko kartela osatu nahi genuen, hirian dagoen hutsune bat betetzeko asmoarekin», azaldu du Romanek. Proposamenak ikus-entzuleak erakarri ditu, eta dagoeneko sarrera gutxi geratzen dira.
Mantso baina sendo
Dordoka Fest izena aukeratu izanak badu bere arrazoia. «Dortokak animalia mantsoak dira, baina oskol gogorra dute. Dokaren ibilbidea pausatua izan da, baina indartsu egin dugu aurrera», azpimarratu du Yabenek. Atzera begira jarrita, pozik daude iraun izanarekin. «Hamar urte irautea asko da, eta eboluzio naturalari esker lortu dugu hori».
Hastapenetan, Doka Kafe Antzokia auzotarren eta unibertsitateko ikasleen elkargunea izan zen. Kafe bat hartzeko, bilerak egiteko eta ordenagailuarekin lan egiteko leku aproposa zen. «Baina krisia iritsi zen, eta beherakada nabaritu genuen», esan du Yabenek. Horren eraginez, hasierako asmoak aldatu eta egokitu zituzten. «Berrantolatu, estutu eta aurrera egin genuen».
Kontzertu areto sendo bat bihurtu da Doka antzokia. «Programazioa kontzertuetara bideratu dugu, nahiz eta bestelako proposamenak ere antolatzen ditugun», azaldu du Romanek. Asteazkenetik larunbatera bitarte zabaltzen dituzte ateak, eta batzuetan igande arratsaldetan ere. Ordutegia, beharren arabera egokitu dute. «Asteazkenetan 22:00etatik 2:00etara dago zabalik, ostegunetan unibertsitateko festa badago 23:00etan irekitzen dugu, eta gainontzean kontzertuek definitzen dute ateen irekiera», dio Yabenek.
Donostiako asteburuetako giro aukeren artean dago Doka. Auzokoentzat, gainerako herritarrentzat eta baita ere inguruko herritakoentzat. «Jendeak badaki ostegun, ostiral zein larunbatetan giro polita topatuko duela hemen, eta bereziki, 6:00ak arte zabalik dagoela», azpimarratu du Yabenek. Era berean, hiriko bizitza aldatu dela uste du: «Lehen auzo guztiak Parte Zaharrean biltzen ziren parrandarako. Orain, auzo askok ondo pasatzeko leku eta proposamenak dituzte».
2017a iritsi aurretik, Dokako kudeatzaileek urte berezia izatea nahi zuten. Horrela, urtarrilean, 10 urte 10 kontzertu jarduera jarri zuten abian. Ordutik, Antiguako aretotik hainbat talde esanguratsu igaro dira: Gatillazo, Kaotiko, Non Servium, Tremenda Jauria, Dinero, Potato eta Anestesia. Gehiago ere pasako dira noski. Besteak beste, Hamlet, Josetxu Piperrak eta U.K. Subs.
Urteurrena abiapuntu bat izatea nahi dute. «Dordoka Fest jaialdiaren hurrengo urteko edizioari begira gaude dagoeneko, eta aurreratu dezakegu, frontoian ez dela izango, baina bai Antiguan bertan», adierazi du Yabenek.
Biharko antolatu duten festibalak harreman zuzena du Doka aretoak bizi duen momentu onarekin. «Egoera hobean gaudenez, arriskatzea erabaki genuen», dio Yabenek. Horregatik, Dordoka Fest jaialdia opari bat izatea nahi du: «Urte hauetan guztietan lagundu gaituzten auzotar eta bezero guztiei eskaini nahi diegun oparia da».
Antolaketa lanetarako laguntza eskaini diete Antiguako herritar hainbatek, eta hori oso pozgarria dela dio Romanek. «Auzokoen babesa garrantzitsua izan da beti, eta festa antolatzeko ere lagundu gaituzte».
Biharamunean, atseden hartuko dute Dokako arduradunek. Baina datorren astetik aurrera, aretoaren programazioari eutsiko diote, aste barruan zein asteburuetan proposamen ezberdinak eskaintzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, denbora daramate Asteazkenak Dantzan jarduera parte hartzailea egiten. Asteazkenetan, salsa, bachata, kizomba eta beste hainbat dantza erakusten dituzte aretoan bertan, 22:00etatik aurrera.
Aurrerantzean ere, Dokako ateek zabalik jarraituko dute askotariko proposamenak eskaintzeko.