Baserritarren zaindaria da San Isidro, maitzaren 15ari dagokion santua, erlijio katolikoaren arabera; halako egun batean jaio zen Isidro Ansorena, duela 125 urte, eta ibilbide oparoa egin zuen txistulari eta musikagile gisa.
Jose Ansorena, Isidro Ansorena eta Jose Joaquin Uzkudun, 1908an. (Argazkia: Eresbil.com)
San Isidro santua dela gogoraraziko dute egutegi katolikoek, astelehenean, maiatzak 15. Isidro Ansorena 1892ko maiatzaren 15ean jaio zen, santuaren egunean. Horrela bada, 125 urte beteko lituzke Ansorenak, eta aitzakia ederra da bere ekarpenaren errepasoa egiteko. Hain zuzen, baserritarren eguna izaten da San Isidro, eta herri eta auzo askotan ospakizunak egiten dituzte egun horren bueltan. Isidro Ansorena txistulari eta musikagile handia izateagatik egin zen ezaguna. Donostiako udal kontserbatorioko irakasle eta Donostiako Udal Txistulari Bandaren zuzendaria izan zen, eta mila konposizio inguru sortu eta bildu zituen, bandetan jotzeko; berez, ordea, ez omen zuen musika ikasketarik.
Hernaniarra jaiotzez, Donostian egin zen bereziki ezagun bere txistulari ibilbidean. Gaur egun, kale pare bat ere badaude haren omenez, bata Errenterian, eta, bestea, Donostian, Berion.
Aita txistugilea zuen Isidrok, eta sarritan esaten omen zion: «jo ezak hori!». Hala azaldu zuen 1972an Zeruko Argian egin zioten elkarrizketa batean; eta berak jo egin behar, txistua probatzeko. Gerora, berak ere txistuak egitearen tradizioari heldu zion. «Akats bat nabarmentzen dela uste dut, azkar-azkar jotzeari ematen zaiola garrantzi handiegia eta bihotzik gabe, goxotasunik gabe jotzen duela askok eta askok. Notak ondo esan behar dira, poliki-poliki eta garbi», zioen elkarrizketan. Hiru osaba txistulariak izan zituen, hiruak oso onak, diotenez: Castro Urdialeseko Inazio, Errenteriako Manuel eta Balmasedako Fernando. Azken horrek, Fernandok, erakutsi omen zion Isidrori txistua jotzen. Biloba bat ere famatu zuen elkarrizketa hartan, Jose Ignazio, Donostiako txistulari ezaguna, aspaldiko urteetan: «Polliki dabil… baina oraindik ez nau gainditu». Jose Inazio bera da, gaur egun, udal txistulari bandako zuzendaria, beste zazpi kiderekin batera.
Hamalau urte besterik ez zituela sartu zen Hernaniko txistulari bandan Isidro, eta anaia Jose ere izan zuen ondoan. Aurrerago, 1922an, lehen txistua izateko postua lortu zuen Donostiako Txistularien Udal Bandan. Dirudienez, aurreko urteetan, bandako kideen artean ika-mika ugari egon ziren, eta kalean haien inguruko txutxumutxuak zabaldu ziren. Horrela, ofizioari duintasuna ematea izan zuen helburu nagusitzak Isidro Ansorenak.
Txistulariak, auzoetan
Ekarpen ugari egin zituen Isidrok txistuaren munduan. Silbotea gehitu zion hiriko bandari, 1923an, eta Donostiako kontserbatorioan txistu ikasketak ofizialtzeko oinarria ezarri zuen; horrela, txistua jotzen ikasteko lehen metodoa ere berak kaleratu zuen.
Guztira, 25 urte baino gehiagoz aritu zen kontserbatorioan, txistua irakasten. Ikasle maiteak izan zituen askoren artean, eta horietako bi izan ziren Fernando Vidal eta Juan Antonio Arozena. «Behin ere ez zigun purrustadarik egin. Guztia leun-leun azaltzen zigun, zehatz-mehatz, eta gaizki ateratzen zenean, notaren bat gaizki jotzean, «gezurra» esaten zuen, baina inoiz ez era txarrera, xarmantasun eta gozotasunez baizik», azaldu zuen bere ikasle izandako Arozenak, Txistulari aldizkariko elkarrizketa batean. «Udaleko txistulari taldea urtean behin bakarrik agertzea ez zitzaion ongi iruditzen eta udalak auzo txistulari postuak jarri zituen, Antigua eta Loiolarako. Lehiaketa bidez, Loiolako txistulari izendatu ninduten, 1950ean», gehitu zuen Arozenak. Igande goizero Parte Zaharreko kaleetan kalejira egin eta zortziko tradizionala jotzen zuen bandak. Kontzertua eskaintzen zuten, 12:00etan, eta, arratsaldean, dantzaldia.
2005ean IRUTXULOKO HITZAk artikulu berezi bat atera zuen, Isidroren heriotzaren 30. urtemuga zela eta. Ignazio Ansorenarekin hitz egin zuten erreportajea osatzeko, eta harek kontatu zuen nola garai bateko txistulariak udal langileak ziren. Soldata txikia jasotzen zutenez, beste lanpostu bat ere izaten zuten, eta Isidro igeltsero jarri omen zuten. Behin alkateak kalean lanean ari zela ikusi eta hura ez zela beretzako lekua esan zion Isidrori. Destinoa aldatu eta depositario jarri zuen, orduan Konstituzio plazan zegoen udaletxean.
1975ean hil zen Isidro, 83 urterekin, baina aurretik omenaldiak jaso zituen. Donostiako zilarrezko domina jaso zuen, 1962an, bere lanaren esker gisa.