Faroltxoaren piztearekin abian jarriko dituzte gaur Morlansko jaiak, 19:00etan. Hiru eguneko egitarau zabala osatu dute, haur zein helduek goza dezaten
Morlanstarrak jai batzordeko hainbat kide, auzokide batzuekin, Leire plazan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bidebietako Txanpontxo jaien ostean datoz aurten Morlanskoak. Donostiako auzo berriena izan arren, ia sorreratik antolatu dituzte jaiak. Gaur emango diete hasiera, merienda (18:00etan) eta faroltxoaren piztearekin (19:00etan). Azken hori Errenteria-Oreretako Parrandango trikitilariek girotuko dute. Hala, igandera arte festak ez du etenik izango.
Aurten, gazteak izango dira protagonista jaietako jarduerarik berezienean. Izan ere, iaz, faroltxoaren piztean haurrek eta helduek hartu zuten parte. Baina, aurten, lekukoa pasa nahi diete Morlansko gazteei. «Asmoa da 17 eta 23 bitartekoek faroltxoa piztu eta Morlans goitik beheraino jaistea. Hemen gertatzen dena da oso gazte gutxi daudela, eta etorri direnak jada kuadrilla baten parte direla beste auzo batzuetan. Horregatik, gazte gehienek auzotik kanpo egiten dute plana, eta ez da eurentzako girorik sortzen. Modu honetan, auzoko gazteek elkar ezagutzea bilatzen dugu», azaldu dute Morlanstarrak jai batzordekoek.
Danborradak ere izango du tartea gaurko egitarauan (20:00etan). Helduak ez ezik, haurrek ere astintzen dituzte euren danborrak. Iaz lehen aldiz eman zieten aukera auzoko txikienei, eta horietako asko animatu zirenez, aurten errepikatzea erabaki dute.
Ondoren, 21:00etan, indarberritzeko parada izango dute Morlanskoek, baita kontzertuetaz gozatzeko ere; hain zuzen ere, The Croquets eta Rock Salad musika taldeak igoko dira eszenatokira eta Buruki DJak ordu txikietan eskainiko du bere emanaldia.
Biharko, berriz, egun osoko programa prestatu dute. 11:00etan, umeen jolasak egingo dituzte, eta, 12:30ean, patatak errioxar erara prestatzeko txapelketa. Ordu erdi geroago, 12:30ean, helduentzako olinpiadak egingo dituzte: «Beti lau joko egiten ditugu: sokatira, zaku lasterketa, oliba hezurren jaurtiketa eta urtero aldatzen dugun ezusteko bat. Iazkoa oso ongi atera zen. Atarika sortu genituen taldeak, eta oso dibertigarria izan zen».
Baina ez hori bakarrik, haurren jarduerek eta auzoko bazkariak ere (14:30ean) izaten dute arrakasta. Iaz bezala, bihar 100 lagun baino gehiago elkartzea aurreikusten dute.
Bihar arratsalderako jarduera ugari antolatu dituzte; besteak beste, mus txapelketa (16:30ean), futbitoko finalak (17:00etan) eta buruhandiak eta erraldoiak (19:30ean), Pasai San Pedroko dultzaineroekin. Afaltzeko, 21:00etan, parrillada bat egingo dute eta karaokearen txanda izango da gero, 21:30ean. Larunbata amaitzeko, Fidel Hombre Orquestaren berbena egongo da.
Etzi, igandean, dianarekin esnatuko dira Morlanskoak, eta pijama gosaria egingo dute, 10:00etan. Txirrindularitza proba 11:00etan hasiko da, eta aurtengo ibilbidea aldatuko da zertxobait, auzoan eraikitzen ari diren etxebizitza dela eta.
Plaza dantzak ikusi eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da gero, 12:00etan. Eta, arratsaldean, txikienek hain gustuko duten apar festa egingo dute. Festen itxierako txupinazoa baino lehen, 18:00etan, Big Band kontzertua eskainiko dute.