Jon Odriozola: 'Gozatu'
Jon Odriozola; Kazetaria.
Garaipenik gabe, Anoetatik irten, eta gustura. Era honetan joan ziren hamaika realzale igandean etxera. Partida aurretik Mikel Gonzalezi eginiko omenaldia, eta aspaldian izandako jendetzarik handienak, partida garrantzitsua, era berezian apaindu zuten.
Futbolean jokatzea ez zaiola ahaztu erakutsi zuen talde andaluziarrak, eta ondorioz lanak eman zizkion Realari. Athletic eta Vila-Realek ere beste hainbeste pairatu behar izan zuten.
Markagailuan Malagak aurrea hartu zuenean, zale batek baino gehiagok hotzikara sumatu zuen gorputzean. Ahoa lehor, eta kezka.
Ez da berria, Europan datorren urtean jokatzea, ez dagoela batere merke. Guztiz kontrakoa. Realak igandean Vigon irabaziz gero, Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela erdietsi zuena baino puntu bat gutxiago lortuko du (65). Beraz garesti dago kontinente zaharrean barrena bidaiatzeko txartela lortzea. Oso. Berdintasuna da nagusi, eta azken jardunaldia ez da erraza izango. Balaidosen, Mestallan eta Calderonen. Nahiz eta Zeltak azkenaldian, Ligan, irabaztea zer den jakin ez, partida mordo bat daramatza hiru puntu eskuratu gabe, ez dute dema erraza izango txuri-urdinek. halere, realzaleen artean bada uste bat:?igandean irabaziz gero Europa eskura izango dutela.
Gozatu dugu liga guztian zehar; garaipen mordoa lortu ditu taldeak; harrobiko gazteek eskarmentua erakutsi dute, zaleak dezente poztu dira eta helburu gozo baten atzetik azken jardunaldira arte ariko dira borrokan.
Gero, denboraldi aurrea bitartean, zurrumurru festa hasiko da; txutxumutxuzko saioetan baino ustezko hainbat egia borobil entzungo ditugu… Ez gara batere aspertuko. Hobe esanda, asper-asper eginda amaituko dugu. Beraz, goza dezagun lortutakoarekin, ez da gutxi eta.