Intxaurrondon klasiko bihurtu da jada Lagunekin Kantari; bizilagunen elkartearen ekimenez hasi zen mugimendua, 2001ean, eta oso gustura dabiltza kantuzaleak aurten ere.
Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta bakarlari gisa aritu dira aurten. (Argazkia: Amaia Zabalo / Donostia Kultura)
Karmelo Elizondo ezin alaiago dabil. Arrakasta ederra izan dute Lagunekin Kantari kantu saioek aurten ere, eta geratzen diren bi emanaldi berezietarako gogotsu dago: «Gehienak Intxaurrondo Kantuz-ekoak gara, baina auzokoek ere parte hartzen dute. Helburuak dira gozatzea, zuzenekoen esperientziak bizitzea eta beste lagun batzuengana iristea».
Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunek Elkarteak (IZBE) euskal kanten ikastaro bat abiatu zuen 2001ean, Donostia Kulturaren babesarekin. Hurrengo urtean, ikastaroaren itxiera gisa, Lagunekin Kantari programa sortu zuten, eta ordutik zutik dirau egitasmoak. Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez izan dira aurtengo ohorezko gonbidatuak, Larrotxene kultur etxean egiten dituzten saioetan. «Bi egunetan bete zen Larrotxeneko aretoa. Badakigu oso handia ez dela, baina ez dugu propaganda handiegirik egin. Bi musikariek esan ziguten beraientzat berezia zela jendearengandik hain hurbil kantatzea, elkarrekin kantatzea… oso esperientzia polita izan da denentzat».
Elizondoren hitzetan, bi saioak oso politak izan ziren arren, desberdinak izan ziren. «Eñaut Elorrietak ibilbide bat egin zuen euskal kantagintzaren baitan, Ez dok Amairuren sorreratik abiatuta. Aipatu zuen abesti klasikoetako asko jada ez direla sortzaileenak, herriarenak baizik; Lau teilatu, adibidez». Gero, normalean abesten dituzten kanta batzuk aukeratu omen zituen, guztiek elkarrekin abesteko.
«Mikel Markezek bere kantak abestu zituen, eta batzuetan aukera eman zigun guk zatitxo batzuk ere kantatzeko». Hori bai, biek ere kantu bakoitza kontestuan jarri omen zuten, hainbat pasarte kontatuz, eta hori oso aberasgarria egin zitzaiela azpimarratu du. Tartean, Mikel Laboak Txoriak txori poema abesti nola bihurtu zuen eta Iparragirrek Xenpelarrekin izandako liskarrak ezagutu zituzten, besteak beste.
Denak protagonista
Orain, Larrotxeneko saioak ixteko, Etxekoekin Kantari falta zaie, maiatzaren 22an: «Denak ateratzen gara oholtzara egun horretan, esperientzia desberdina da, beste aldera igarotzen gara. Intxaurrondon 50 lagun inguru gaude, eta bi multzotan banatuko gara, bakoitzak bi abesti kantatzeko». Han izango dira Amarako eta Altzako taldeak, baita lagun gehiago ere. Kantujira maiatzaren 26an egingo dute, eta, bukatzeko, kantu afaria: «Iaz, lehen aldiz, Hego Intxaurrondora igo ginen kantujirarekin, eta aurten ere egingo dugu. Ea pixka bat elkartzen ditugun Intxaurrondo Zaharra eta berria, bestela ez dirudi harreman asko dutenik bi auzoek».