Ane Urrutikoetxea: 'Metro t'erdi'
Duela bi aste, lanera bidera galtzadatik bizikletan nindoala, kotxe batek ziztuan aurreratu ninduen; hain gertu igaro zen, atzerako ispilua sentitzera iritsi nintzela. Bi metrora zegoen semaforoan gelditu zen; leihoa jaisteko eskatu, eta bizikletei aurreratzeko distantzia ezagutzen ote zuen galdetu nion gidariari. Benetako gorrotoz begiratu, eta galtzadatik irteteko oihukatu zidan.
Maiatza hilabete beltza izan da txirrindularientzat. Zaurituak, hildakoak… izen ezagunak hainbat kasutan. Tristeena, gidariak ihes egin duela irakurtzea da, errepidearen bazter batean trapu zahar baten moduan botata gelditu dena pertsona bat ez balitz bezala. Eta albiste horiek aireratzen diren bakoitzean, ozen entzun dezakegu betiko leloa: «Txirrindulariek beren burua arriskuan jartzen dute etengabe, normala da horrelako gauzak gertatzea».
Normala da. Normala iruditzen zaigu pertsona baten bizia arriskuan jartzea abiadura murriztu, behar den denbora itxaron eta metro t’erdiko distantzia hartzeko pazientziarik edo gogorik ez izatea. Txirrindularia delako ausarkeriaz dabilena, bizia arriskuan beharrik gabe ipiniz; ez dugu, ordea, auto gidariaren jokaera ezbaian jartzeko ohiturarik, geure barrenean ondo dakigulako guk geuk ere ez dugula zuzen jokatzen horrelako egoeratan.
Eta hirian zer? Donostian bizikleta garraiobide moduan erabiltzen dugunok betidanik jasan dugu bizikletekiko arnasten den ezinegona, eta zoritxarrez sarriegi azaleratzen den gorrotoa. Prentsa txarra dute txirrindulariek, baina estatistikek argi uzten dute bizikletek eragindako istripuak hutsaren hurrengoak direla, eta inoiz ez direla larriak izan.
Bi gurpilen gainean gabiltzanoi etengabe gogorarazten dizkigute zirkulazio arauak; musikarik ez, espaloitik ez, bidegorrian ere, oinezkoek dute lehentasuna, eta abar. Baina, hiritarrok argi al ditugu txirrindularien lehentasunak? Esate baterako, ba al dakigu galtzadatik joateko eskubidea dutela, eta bertan ere, metro t’erdiko distantzia utzi behar zaiela bizikleta gainean doazen horiei aurreratzean? Metro t’erdi uzteko hartzen dugun denbora horrek ez gaituelako inora berandu iritsaraziko, eta biziak salbatzen ditugulako.
Gorrotoak alde batera utzi, eta udako egunak gerturatzen doazen heinean, hiri honetan garraiobide ekologiko, eraginkor eta praktikoenari merezi duen espazioa emateak guztioi ekarriko digu onura; beraz, askatu bolantea eta heldu eskulekua!