Emak taldea emakumezkoentzako pilota ikastaroa ematen ari da Egian. Antolatzaile lanetan ari da Patri Espinar (Usansolo, 1985). Hamar urterekin hasi zen esku pilotan eta oraindik horretan jarraitzen du.
Patri Espinar, pilotaria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Zergatik antolatu duzue emakumezkoentzako pilota ikastaroa Egian?
Emak taldeak antolatu du ikastaroa. Iaz antzeko ikastaro bat egin genuen Hernanin, eta uste baino harrera hobea izan zuen; 20 emakume inguruk hartu zuten parte. Arrakasta ikusita berriro antolatzea erabaki genuen eta Egia iruditu zitzaigun lekurik egokiena.
Zergatik?
Emakumeak Pilotari egitasmoan egin nuen lan Pilota Federazioaren barruan, eta orduan ezagutu nituen Egiako pala jokalariak. Aspalditik ari ziren esku pilotarekin zerbait egiteko eskatzen eta aukera paregabea iruditu zitzaigun. Pozik gaude, 18 lagunek eman dute izena. Dagoeneko hiru saio egin ditugu eta beste bat geratzen zaigu, gaurkoa. Eta bihar, larunbata, bertso pilota jaialdia egingo dugu.
Ikastaroa Emak taldeak antolatu duela aipatu duzu. Zer da?
Emak taldea orain dela urte batzuk sortu zen Donostian. Kirola sustatzen duen emakume talde feminista bat da. Sorreratik hartu dut parte Emaken. Kirolean gertatzen diren desberdintasunak eta bidegabekeriak salatzea eta gure lekua aldarrikatzea da helburua.
Noiz hasi zinen esku pilotan jokatzen?
Hamar urterekin hasi nintzen Usansoloko esku pilota taldean. Bertan ibili nintzen 17 urtera arte. Oso neska gutxi ginen taldean, Ainhoa eta biok bakarrik, eta inguruko herrietan ere berdin. Beti jokatu izan dut mutilekin. Agian horregatik eduki izan dut beti emakumezkoontzat zerbait egiteko gogoa. Gorputz Heziketa ikasketak egin nituen ondoren eta praktikak Esku Pilota Federazioan egin nituen. Bertan, Emakumeak Pilotari proiektuan lan egiteko aukera eskaini zidaten.
Gehienbat pala sustatzen genuen emakumeen artean. Hori dela eta, 19 urterekin palan jokatzen hasi nintzen. Beste sei urtez ibili nintzen palan jokatzen, gero utzi egin nuen, eta orain dela bi urte hasi naiz berriro esku pilotan.
Pala eta esku pilota aipatu dituzu. Beste kirolik egiten duzu?
Askotan esaten didate pilotaria naizela, baina uste dut orokorrean kirolaria naizela. Urte askotan ibili izan naiz futbolean. Baina baita mendi gidari moduan ere. Bestalde, asko gustatzen zaizkit eskia eta eskalada. Denetarik egiten dut.
Aipatu duzu esku pilotan jokatzen hasi zinetenean oso neska gutxi zeundetela. Orain gehiago zarete?
Kontua da ume garaian neska eta mutil denak batera aritzen direla esku pilotan. Gero iristen da momentu bat neska askok utzi egiten dutena, eta jarraitzen duten horiek palan jokatzera bideratzen dituzte. Azken bi urteetan gauzak pixkanaka aldatzen ari dira, Iker Amarika lan handia egiten ari da emakumezkoen esku pilota sustatzeko. Federazioak orain arte ez du emakumezkoen esku pilota txapelketarik antolatzeko ardurarik hartu, eta, orduan, emakume horiek palara bideratzen zituzten. Orain konturatu gara palan ibili garen asko esku pilotan hasi ginela, eta, ondoren, palara bideratu gintuztela. Ez geneukan esku pilotan jarraitzeko aukerarik; ez geneukan lehiaketarik, ez geneukan jokatzeko aukerarik. Orain denok ezagutzen dugu elkar eta ari gara pixkanaka forma ematen.
Duela bi urtetik hona egoera aldatu dela aipatu duzu. Zergatik?
Duela hiru urte inguru Iker Amarika eta Larrabetzuko emakume batzuk lanean hasi ziren esku pilotan lehiatzeko aukerak zabaltzeko asmoz. Haiei esker duela bi urte Bizkaiko Emakumezkoen Master Cup lehiaketa antolatu zuen federazioak, eta hor hasi nintzen berriro ere esku pilotan jokatzen. Aurten ere banuen jokatzeko asmoa baina lesionatu egin nintzen eta ezin izan dut. Oso gaizki daukat bizkarra eta ez dakit aukera izango dudan berriro esku pilotan aritzeko. Oso kirol gogorra da, batez ere, eskuentzat eta bizkarrarentzat.
Zergatik daude emakume pilotari gutxi?
Kate bat da. Orain arte beti egon da emakume pilotari gutxi, hori dela eta, interesa galtzen dute. Ez da berdina taldean beste neska batzuekin ibiltzea edo zu izatea emakume bakarra. Bestalde, gazte askok nahiago izaten dituzte taldeko kirolak gozagarriagoak direlako. Taldeko kiroletan lagunartean sentitzen zara eta esku pilotan, esaterako, ez daukazu taldearen babes hori. Guk esku pilotan jarraitzen badugu kirol honi diogun maitasunagatik da. Ni Hernanin bizi naiz orain, baina entrenatu ahal izateko lehen Oiartzunera joaten nintzen eta orain Azpeitira joaten naiz. Donostia inguruan ez daude aukera asko. Dena den, kirol polita da eta gustatzen zaionari zalantzarik gabe gomendatuko nioke. Gure garaian baino errazagoa da orain. Nolabait bidea zabaldu dugu.
Gaur egun lehiaketa gehiago daudelako?
Bai. Ikerrek kristoren lana egin du, babesleak lortu ditu eta han eta hemen ibili da ate joka. Master Cup lehiaketan 80 emakumek izena ematea lortu du eta hori lorpen handia da.
Adin tarte guztiak batera aritzen zarete?
16 urtera arte edo Eskola Kirolean hartzen dute parte. Hortik aurrera denok egoten gara elkarrekin; mailaren arabera sailkatzen gara, baina adinak ez du zerikusirik. 16 urteko neska batzuk 25 urtekoak baino hobeak dira, izan ere, txikitatik aritu dira esku pilotan.
Aurrera begira zein bide jarraitu nahi duzue?
Iker Amarikak emakumezkoen esku pilota horrelako grinarekin sustatzen jarraitzen badu, hobera joango dela uste dut. Baina Ikerrek federazioaren babesa behar du horretarako. Txapelketak antolatzen hasi behar dute gizonezkoekin egiten duten bezala: herriarteko txapelketak, probintzia artekoak edo Euskal Herri mailakoak. Nazkatzen hasita gaude; ehun emakume pilotari inguru gara eta guk ere eduki beharko genuke lehiatzeko eskubidea.
Orain, gainera, saretuta zaudete.
Orain denok ezagutzen dugu elkar. Txikia nintzenean sei edo zortzi emakume soilik ezagutzen nituen, orain, aldiz, ehun emakumeren izenak idatziak ditut orri batean. Duela pare bat urte hasi nintzen Ikerrekin batera zenbat emakume pilotari geunden kontatzen, eta hein batean horregatik lortu dugu txapelketan hainbeste emakumek izena ematea. Gero eta gehiago gara eta saretuta gaude.
Badu, beraz, etorkizuna esku pilotak.
Mundu globalizatu honetan kanpotik ekarri dituzten kirol asko daude indar asko dutenak, eta telebistaren laguntza dute. Euskal kirolak gutxienekoak dira, jende gutxiagok praktikatzen ditu, eta gure esku dago horiek indartzea; esku pilota, arrauna eta herri kirola. Eskolatik bertatik bultzatu behar da eta gero haurrei horretan jarraitzeko aukera eskaini behar zaie; guztiei, baita neskei ere.
Donostiako emakumeek esku pilotan hasi nahi badute, zein aukera dituzte?
Hemen ez dago esku pilota eskolarik, Larrabetzun eta Iruñan soilik daude. Gu lehen Oiartzunen elkartzen ginen emakume talde bat, eta orain zortzi pertsona inguru elkartzen gara astearte eta ostegunetan Azpeitian gure artean entrenatzeko. Ez da batere erraza.
Zein asmo duzue aurrera begira?
Aurrera begira gustatuko litzaiguke elkarte bat sortzea gure artean hobeto antolatzeko.