Hirian egiten ari diren zuhaitz mozketen harira, azalpenak eskatu dituzte Irabazik eta EH Bilduk; Metro igarobidearen inguruko gardentasun falta salatu du oposizioak
Protesta egin dute udalbatzarrean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Zuhaitz mozketen afera protagonista izan da maiatzeko udalbatzarrean. Guztira, lau kontrol mozio aurkeztu dituzte udal-taldeek Lourdes Txikiko magalean, eta hiriko beste hainbat lekutan egin diren zuhaitz mozketen inguruan azalpenak eskatzeko. Horrekin batera, segurtasun eta ingurumen babeserako neurriak hartzeko eskatu dute Irabazik eta EH Bilduk.
Ekintza ikastetxearen aldameneko lursailaren ezaugarriek eta zuhaitzek sortu ditzaketen arriskuak direla eta, Lourdes Txiki magaleko zuhaitzak mozten ari dira. «Pagola enpresak egindako txostenean oinarrituta, zuhaitz mozten ari dira, baina ez dute neurririk hartu magalaren segurtasuna bermatzeko», azaldu du Loic Alejandro Irabaziko zinegotziak. Horrekin batera, aurreikusitakoak baino zuhaitz gehiago moztu direla kritikatu du: «Lursail hori babes berezia behar duen landa eremu gisa dago zehaztua Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean».
Ingurumen Sailarekin eta lursailaren jabearekin batera, «behin betiko» irtenbide bat adosteko eskaera egin du Irabaziren udal taldeak, Ekintza ikastetxearen aldameneko hegala egonkortzeko, «haurren segurtasuna bermatze aldera», eta kontuan izanda aipatutako lursaila babestuta dagoela.
Mozioarekin bat egin du EH Bilduk, eta eskaera propioa ere aurkeztu du udalaren jarrerarekiko kezka agertuta. «Batzordean esan ziguten, haurren eta zuhaitzen artean, haurrak zirela lehentasuna», adierazi du Axier Jaka zinegotziak. Hiriko beste hainbat lekutan egiten ari diren zuhaitz mozketen harira, Hirigintza eta Ingurumen sailek eskatu diete Plan Orokorrak babesten dituen lursailak errespetatzeko.
Alderdi popularrak bat egin du oposizioko beste bi udal-taldeen eskaerekin. Miren Albistur zinegotziak Ekintza ikastetxean egin zituen ikasketak, eta egun bere hiru seme-alabak bertan ditu. «Nire kezka, alderdi bezala ez ezik, guraso gisara ere bada. Ez dakit zuhaitz moztu behar diren edo ez, argi dudan gauza bakarra da, behin moztuta neurriak hartu behar direla arriskuak saihesteko», azaldu du Albisturrek.
Lourdes Txikiko magalean zuhaitzak moztu ondoren, eremuaren egonkortasuna bermatu behar dela azpimarratu du Albisturrek. «Egun batzuk barru eguraldia txartzen bada, mendia ikastetxe gainera eror daiteke, horrek sortu dezakeen ezbeharrarekin. Tamalez, gogoan dugu Pasealeku Berrian gertatu zena».
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak, oposizioko alderdiei erantzunez adierazi du, lehenik ikastetxeak hartu behar dituela segurtasun neurriak: «Jolastokia ixteko ardura ikastetxearena da, ez udalarena». Jaka EH Bilduko zinegotzia oso kritiko agertu da baieztapen horrekin. «Haurren segurtasuna mantentzea ez da soilik ikastetxearena, udalarena ere bada». Bestalde, Ramosek esan du, Ekintza ez dagoela leku egokian kokatuta. «Ez diot nik bakarrik, udaletxeko arkitektoa ere iritzi berekoa da. Baina ezin dugu lekuz aldatu».
Zuhaitz mozketa eteteko agindua eman zuen Gipuzkoako Aldundiak, eta horrek eremua egonkortzeko fasea atzeratu duela esan du Ramosek: «Lourdes Txikiko lanak berrabiarazi ondoren, asmoa da magala egonkortzea, bertako zuhaitzak jasotzea eta urak bideratzea».
Metroaren aurka
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta hainbat lagun bildu dira udalbatzarrean, metroaren kontrako protesta egiteko. Stop metroari eta Donostia ez zulatu, metroari ez! zioten banderatxo eta pegatinekin, eztabaida publikoari eta gizartearen parte hartzeari uko egin izana salatu dute.
EH Bilduren udal-taldeak eraman du mozioa udalbatzarrera, metro igarobidearen «gardentasun falta» salatzeko. «Bidera dezatela donostiarrentzako gardentasun eta informazio prozesu bat; batzar informatibo publiko eta irekiak antolatuz», adierazi du Jakak. Aste honetan argitaratu den Gipuzkoako Soziometroaren arabera, herritarrek ez dute metro igarobidearen proiektua babestu. «Datuek erakusten dute donostiarrek ez dutela azpiegitura hori nahi, eta horrela ere, aurrera segitzen duzue». Informazio gehiago eskatzearekin batera, proiektua eteteko eskatu du EH Bilduk.
Gardentasun faltarekin bat egin dute popularrek, baina Txema Murgiondo zinegotziak azpimarratu duenez, PP alderdia izan zen metro igarobidearen proiektua mahai-gainean jarri zuena. «Azpiegitura egitearen aldekoak gara, nahiz eta udal gobernuak informazioa ez erraztu». PSE-EEk, bere aldetik, argudiatu du azken hauteskundeek bermatu zutela metroaren proiektua. EAJk, berriz, mozioa kontrakotasuna agertzeko aitzakia bat dela esan du.
Kaiko eraikina
Donostiako kaiko biltegietarako eraikinaren inguruko mozioa aurkeztu du PPk, aurrerapausoak eman daitezen eskatzeko. Gainerako alderdiak alde agertu dira, ñabardurekin. EH Bilduk eta Irabazik eskatu dute arrantzaleen sektoreak izatea lehentasuna eraikinaren erabileran. Bestalde, Eneko Goia alkateak adierazi du, bi hilabeteko epean proiektu bat aurkeztuko duela Eusko Jaurlaritzak.