Miren Guilló eta Idoia Trenor. (Argazkia: Hitza)
Festak, generoa eta feminismoa ditu ardatz Miren Guillo antropologoak koordinatutako liburuak. Norbanako eta kolektibo ugarik hartu dute parte, tartean, Idoia Trenor Bilgune Feministako kideak.
Genero harremanak, festak eta feminismoa uztartu dituzue liburu bakar batean.
Miren Guillo (M.G.): Abiapuntu ugari ditu liburuak, eta artikulu guztien artean festak aztertzeko testuingurua zabaltzen da. 2015eko UEUko antropologia sailean geunden hainbat ikertzailek festa eta generoa ardatz hartuta udako ikastaro bat egitea erabaki genuen. Begirada antropologikoa abiapuntu, beharrezkoa ikusten genuen festei eta generoari buruz pentsatzen ari ziren norbanako eta elkarteak elkartzea: ikerkuntzan dabiltzanak, mugimendu feministako kideak, prozesu parte hartzaileak egiten ari direnak, festa giroko jardunetan parte hartzen dutenak, egitarauetan dauden sortzaileak… Ikastaroa adierazpide ezberdinen elkarrizketa moduko bat izan zen; eta liburua horren jarraipen moduko bat da. Denon artean festen ertz ezberdinei heltzea zen helburua. Azken finean, liburua tresna bat izatea nahi dugu; ikerkuntzarako, jai batzordeetarako edo festen eta generoaren inguruan interesa duen edonorentzako.
Zein gai nagusitzen dira liburuan?
M.G.:Liburuaren lehenengo blokean marko orokor bat egituratzen laguntzen duten bi gai nagusi ageri dira. Alde batetik, Margaret Bullen antropologoak festen analisia egiten du, genero sistemen arteko uztartzea eginez, eta, bestetik, Laura Muelasek plazerari buruz idazten du. Plazera, festak eta feminismoa hartzen ditu ardatz. Izan ere, feminismoak beti heldu izan dio plazeraren gaiari, nahiz eta gero, festen esparruan generoari eta festei buruz hitz egiterakoan indarkeriak zentralitate handia hartzen duen. Azkenean ezin dugu ukatu hori dela errealitatea. Horregatik, beharrezkoa ikusten genuen indarkeria modu sakon eta zehatz batean aztertzea; baina baita, indarkeriarik gabeko festak irudikatzea ere. Hori erronka garrantzitsua izan da. Artikulu desberdinetan plazera konplejizatu dugu, izan ere, batzuentzat plazera izan daitekeena beste batzuentzat ez da izango, prozesu dinamikoa baita. Plazera emakumeentzat, eta, orokorrean, gorputz ez hegemonikoentzat ahalduntze tresna bat dela ulertzen dugu.
Plazeraren kudeaketa kolektiboaz hitz egiten duzue liburuan.
M.G.: Plazeraren kudeaketa kolektiboan garrantzi handia dute plazer politikek, batez ere, zentralitatea eduki ez duten gorputz eta pertsona horien ahalduntzean. Festak, ahalduntze bide politiko bezala ulertzen ditugu. Denontzako plazera zer den irudikatu behar dugu; eta horretarako pentsatu beharko dugu nolako festak nahi ditugun, zer den plazera denontzat, zeintzuk egiten ditugun festak.
Sortzaileek ere badute beraien espazioa.
M.G.: Liburuaren hirugarren zatia arte adierazpide eta festa egitarauei begira osatu dugu. Bertan, sorkuntza eta kultur adierazpidetan dabiltzan zenbait lagunen gogoeta ageri da. Ez dituzte hutsuneak bakarrik zalantzan jartzen, sorkuntza zein antolakuntza prozesuak genero ikuspegitik aztertzen dituzte.
Festa parekideago eta gozagarriagoak lortzeko gakoak ematen dituzue?
M.G.: Testuinguru eta prozesu askotarikoei buruz hitz egiten den heinean, gakoak ematen ditugula uste dut, irtenbide unibertsal bat ematea zailagoa da. Gure errealitatea bera ere genero sistema baten barruan sortzen da eta festak, azken finean, genero sistema hori aztertzeko esparru interesgarria dira. Dena den, analisiak, erronkak, galderak, eta esperientzia ezberdinak behintzat aurkitu daitezke.
Bilgune Feministak idatzi du liburuko artikuluetako bat.
Idoia Trenor (I.T.): Bilgune Feministaren eta Emagin ikerketa zentroaren izenean lau lagunen artean idatzi dugu artikulua. Dena den, hor bildu dugun jakintza azken hamabost urteetako Bilgune Feministaren esperientziaren fruitua da. Izan ere, guretzat jaiak beti izan dira borrokarako eremua. Hasierako diskurtsoa, jaietan eragiteko asmoarekin, gehienbat erasoak salatzera eta eraso horiek ikusgarri egitera bideratua zegoen; gerora, gaiak gehitzen eta aberasten joan gara. Nekatuta gaude beti alarma egoeran egon beharrarekin. Erasoak daude eta salatzeko beharra dago. Horregatik, garrantzitsua da erasoei aurre egiteko azken urteetan hartu den jarrera; autodefentsarena. Dena den, autodefentsaren aldarriari ere gehitu dizkiogu beste batzuk; plazeraren eta burujabe izatearen garrantzia, esaterako.
Plazera aipatu duzu zuk ere.
I.T.: Guztiontzat gozagarriak izango diren espazioak sortu behar baditugu, denok arduratsu jokatu behar dugu. Hamabost urtetako ibilbidean urtero estrategia aberasten joan gara. Ibilbide horretan material ugari sortu ditugu eta horien kontakizun bat jaso dugu liburuan. Bestalde, emakumeen ikusgarritasunetik harago ere hausnartu dugu: gorputz ez hegemonikoek sortzen ditugun espazioetan zein presentzia daukaten, nola mugitzen garen, zein harreman mota ditugun, nortzuk dauden agertokian eta nortzuk behean. Azkenik, kontuan eduki behar dugu diskurtsoek lur hartzea eta gorpuztea garrantzitsua dela. Horregatik jarraitu behar dugu diskurtsoak uztartzen, komunikabideei interpelatzen eta pedagogia egiten, ardura denona delako.
Nola lortu daitezke festa parekideago batzuk?
I.T.: Lehenengo galdetu beharko genuke ea daukagun ereduak funtzionatzen digun edo ez, eta, horretarako, beharrezkoa da lehenengo egoeraren diagnosi bat egitea. Behin hori eginda konturatuko gara zeinen plazerak lehenesten ditugun: 17 urteko batek eta 80 urteko batek biek bizi ditzakete plazerez festak? Beharrezkoa da horrelako analisi bat egitea bai parte hartze mailan baita antolaketa mailan ere. Horretarako, garrantzitsua da ikusezinak diren lanak kontuan hartzea: parrandatik iristean nork egiten dizu hurrengo eguneko bazkaria? Batzuentzat gozagarri diren festak edo ospakizunak, beste batzuentzat estresanteak izan daitezke.
M.G.: Horrez gain, uste dut badaudela jai eredu batzuk oso zailak direnak aldatzen, erroz aldatu beharko direnak. Bestalde, asko dugu ikasteko festa feministetatik. Esparru horietan beste kode batzuk daude, abiapuntuak askeagoak dira; eta aukera ematen dute festan egoteko beste modu batzuk trebatzeko: dantza egiteko moduak, agertokira igotzeko moduak, harremantzeko moduak. Plazeraren diskurtsoa behar dugu baina batez ere plazera gorpuztu egin behar dugu.
Nola bizi dituzte festak Donostiako emakumeek? hainbat lagunekin hitz egin dugu festaz eta feminismoaz.