Gehiengo sindikalak bat egin du Donostiako Protokoloarekin
Iazko abenduaren 17an aurkeztu zuten Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Urrats garrantzitsua izan zen hizkuntza gutxituen defentsan diharduten eragileentzat. Protokoloarekin bat egin zuten atzo LAB, ELA, EHNE, ESK, Steilas eta Hiru sindikatuetako ordezkariek.
Kontseiluak argi utzi du protokolo horren inguruan ardaztu nahi duela jardun nagusietako bat. Nazioartean gero eta eragile gehiago ari zaizkio atxikimendua azaltzen, eta Euskal Herrian ere indartu egin nahi dute dokumentuaren inguruko sarea. Sindikatuen izenean, ELAko eta LABeko ordezkariek hartu zuten hitza. Bilbaok nabarmendu zuen biek hartu zutela parte protokoloa idazteko prozesuan, eta Kontseiluak aitortza publikoa egin nahi ziela egindako lanarengatik. Bi ordezkari sindikalek adierazi zuten agiriaren garrantzia. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek azaldu zuen hizkuntza eskubideak “eskubide sozialak” direla: “Donostiako Protokoloa interesgarria da langileen hizkuntza eskubideak bermatzeari begira, neurri zehatzak biltzen dituelako eta, horrekin batera, geuk ere badauzkagulako ekarpenak egiteko arlo horretan”. Garbiñe Aranburuk LAB sindikatuko idazkari nagusiak ere dokumentuaren garrantzia nabarmendu zuen: “Euskaraz bizi nahi dugu; euskaraz lan egin nahi dugu».