Iazko erromerian ederki pasa zuten mintegietara hurbildutakoek. (Argazkia: Intxaurrondo Zaharreko Jai Batzordea)
Erromeria egingo dute bihar, Uliako mintegietan. Iaz aldatu zuten festarako bilgunea parkea bultzatzeko eta elkartasuna adierazteko asmoarekin. Artzak Ortzeok elkartea hasi zen Intxaurrondo Zaharreko erromeria antolatzen, 1978an. Mendiola baserriko beheko zelaian egiten zuten, Herri Ametsa ikastolatik oso gertu. Urte batzuetan zehar ez zen erromeriarik antolatu, Zulo Zahar elkarteak berreskuratu zuen arte.
2001etik hona, ordea, Intxaurrondo Zaharreko Jai Batzordeak hartu du ardura, eta urtero, ekaina hasieran, Mendiola baserrian antolatu izan du, auzo giroa sortzeko eta jaietarako dirua lortzeko helburuarekin.
Intxaurrondo Zaharrekoentzako egun berezia da erromeriarena: «Jendea biltzeko eta giro onean ondo pasatzeko aukera paregabea izaten da», azaldu dute. Abestu, musean jokatu, dantzatu, jolastu… denetarik aurkituko dute erromeriara hurbiltzen diren haur, gazte eta helduek. Gainera, parte hartzeari garrantzi handia ematen diote antolatzaileek, eta beraz, Uliako mintegietara hurbiltzeko deialdia egin diete herritarrei.
Gunea 11:00etan irekiko dute, pintxo dastaketarekin. Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute auzotarrek egindako paellak eta txapelketako postreak dastatuz. Azkenik, mus txapelketa egingo dute 16:00etan, eta ondoren toka lehiaketa.