Herrerako bizilagunak proiektu berezi batean parte hartzen ari dira: Oasislab. Etorkinak auzoan integratze aldera, guztien artean lanean ari dira, ingurua hobetzeko eta euren ametsak betetzeko.
Jatorri askotako auzotarrek parte hartu dute jada proiektuan. (Argazkia: Oasislab Herrera)
Herrera beste ikuspegi batetik begiratzeko lanean ari dira hainbat auzotar. Oasislab Herrera izeneko jarduera abiatu zuten joan den astean, eta arduradunak ezin harroago daude jasotako erantzunarekin. Azken batean, auzoa biziberritzen ari dira, Herrerako bizilagunek beraiek egindako proposamenen bidez. Joan den asteburuan egin zuten lehen saioa, eta datorren asteburuan jarraituko dute. Emanhar Elkarteko Blanca Caballerorek proiektuaren berri eman dio Irutxuloko Hitzari: «Brasildik datorren metolodogia kolaboratiboa da Oasis. Komunitateetan lantzeko da, helburu komunekin, prozesuan ongi pasata».
Metodologia kolaboratiboak lantzen dituzte berez Emanhar elkartean, eta lan egin zuten Hernaniko Amher Sos Racismo elkartearekin, beste proiektu batean. «Konturatu ginen elkarrekin proiektu gehiago landu genitzakeela. Oasis metodologia Donostiara ekarri nahi zuen neska bat ezagutu genuen, eta erabaki genuen Oasis metolodia erabiltzea, etorkinen egoera hobetzeko». Horrela bada, Aldundiko deialdi batetara proiektua aurkeztu, eta Hernanin eta Herreran lantzea lortu dute. Izan ere, bi leku horietan daude finkatuak elkarteak.
Integrazioaren aldeko pauso bat da egiten ari direna: «Herrera, Altza eta Bidebietako elkarte guztietan eman genuen gure asmoaren berri. Horrela, hamar lagunek osatu dute talde motorra, eta haiek mugiarazi dituzte gainontzeko bizilagunak». Herrerako bost lagunez gain, Bilboko batek, Aieteko batek, eta Amarako beste bik osatu dute talde motor hori. Bilbokoa metodologia ezagutzerea etorri zen, eta denek ere oso ongi pasa dute. «Suposatzen da bakoitza bere auzoan motibatuagoa egongo dela, eta bertakoen partehartzea bultzatu dugu. Hala ere, jendea mugitzeko gogoz dagoen edonork parte har dezake».
Hiru txandatan
Hiru txandatan banatu dute metodologia. Joan den asteburuan, aurkezpena eta lehen kontaktua egin zuten; datorren asteburuan, erabakitako bi jarduerak egingo dituzte; eta, hurrengo ostiralean, ondorio bilketa egingo dute.
Talde motorreko lagunak arduratu ziren kalera joan eta bizilagunekin hitz egiteaz, eta euren ametsak ere jaso zituzten: «Auzoko edertasuna, talentua eta historia ezagutzea nahi genuen, eta bizilagunen artean loturak sortzea».
Horrela bada, asteburuan lanari ekingo diote. Batetik, Arrobitxulon auzolana egingo dute, larunbatean eta igandean, 11:00etatik 19:00etara. Txakurrentzako gunea sortuko dute, baita baratze txiki bat ere, eta harri batzuk kenduko dituzte. Bestetik, azoka txiki bat egingo dute topoaren plazan, igandean, 10:30etik 14:00etara. Mintzapraktikarako gunea eta tatoo tailerra ere izango ditu azokak. Bildutako dirua Markel Txapeldun dinamikara bideratuko dute. Hala, elkarlana sendotuko dute bizilagunen artean.