Donostiako 2016ko Iraunkortasunaren Txostena osatu eta aurkeztu du Cristina Enea Fundazioak. Hiriaren ingurumen-egoerak adierazle onak eta txarrak ditu.
Motordun ibilgailuen indizeak gora egin du, zazpi urte jarraian jaitsi ondoren. (Argazkia: Malen Aldalur)
Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak bederatzi urte darama Donostiaren metabolismoa zehazten duten indize nagusiak aztertzen. Hala nola, uraren zikloa, biodibertsitatea, lurzoruaren okupazio mota, airearen kalitatea, hondakin kopurua eta bilketa eta parametro sozial zein ekonomikoak.
2016ko txostena aste honetan bertan aurkeztu dute,?Donostiako Udaleko Ingurumen Zinegotzigoarekin batera. Iazko datuek garapen orokor baikorra islatzen badute ere, analisi-eremu batzuek emaitza ezkorrak azaleratu dituzte. Mugikortasunaren atalean, auto eta motozikleten motorizazio indizeak gora egin du, zazpi urteko beherakada jarraituaren ondoren.
Hondakinen gaikako bilketak ere atzerapausoa nabaritu du, eta aurreko urteetako %38ko tasa ez du gainditu. Bildutako materia organikoa ia 5 milioi kilotara iritsia da, 2015ean baino %3 gehiago. Datu horren aurrean, Alfonso Gurpegui Ingurumen zinegotziak azpimarratu du Donostiako familien kontsumoak gora egin duen modu berean igo dela sorturiko hondakin kopurua.
Donostiarrek uraren erabilera arduratsua egiten dute. Iazko datuaren arabera, kontsumo orokorrak %2 behera egin du, berriz ere. Kalitateari dagokionez, Urumeako uraren analisiek diote ibaiaren bokaleko eta kostaldeko kalitatea hobetzen ari dela.
Txostenaren arabera, asko dira hiritik zehar mugitzeko garraio publikoa erabiltzen duten pertsona kopurua. Guztira, 31.530.030 bidaia zenbatu zituzten iaz, hiriaren barruko joan-etorrietan Dbus, Lurraldebus eta Eusko Tren erabilita. Airearen kalitateari erreparatuz gero, ona edo oso ona dela nabarmentzen du txostenak.
Herritarren kontsultak
Ingurumenari loturiko herritarren kontsulta kopuruak behera egin du, hainbat urteetako gorakadaren ondoren. Guztira 8.751 izan dira. Kontsulten kopurua handi bat materia organikoaren bilketaren edukiontziari buruzkoa dira. Gainerakoak, auzo eta ikastetxeetako konpostajea, baratza publiko, zarata eta bizikleta bidezko mugikortasunari buruzkoak izan dira.
«Pertsona bakoitzak arduratsuagoa izan beharko luke»
Leire Sarobe; Cristina Enea
Aurkeztu duzuen iazko txostenetik zer nabarmenduko zenuke onerako eta txarrerako?
Onerako, garraio publikoaren erabileraren gorakada. Bizikletaren erabilerak ere gora egin du. Hor azpimarratu behar da, erabiltzaileen %39 emakumeak direla, eta %61 gizonak. Uraren kontsumoak izan duen beherakada ere aipagarria da.
Adierazle ezkorren artean, hondakinen sorkuntzak gora egin du pixka bat, baina gaikako sailkapenak ez du gora egin. Hori ez da ona. Pertsona bakoitzak arduratsuagoa izan beharko luke.
Txostenak zer nolako erabilera izango du orain?
Erabakiak hartzeko baliagarria izan daiteke. Adierazle kuantitatiboak ditu, eta baita kualitatibo batzuk ere. Azken urteetako joerak ikusteko lagungarria da.
Hiri iraunkorra da Donostia?
Atal batzuetan bai, eta beste batzuetan ez. Halere, Donostiako Udalak eta hiriak lan egiten du iraunkortasuna lortzeko.