Asko dira Gros auzoan aurkitu daitezkeen saltoki eta tabernak; berriak dira batzuk eta urte mordoa daramate besteek. Krisiaren eta saltoki gune handien kaltea nabaritu badute ere, berrasmatzen jakin dute.
Auzo bizia da Gros. Ia kale guztiak saltokiz eta dendez beteta daude, eta bizilagunek eskura dituzte behar dituzten zerbitzu gehienak. Ez dira agian merkatari txikientzat garai onenak, baina Grosek baditu auzoan urte luzez bizilagunen beharrak asetzeko lanean aritu diren zenbait saltoki eta taberna.
1926. urtean sortu zen Miner bizikleta denda eta tailerra, Ronda kalean. Gaur egun leku berean jarraitzen du. Familia negozio bat da Miner; aitona txirrindulariak sortu eta aitak bidea jarraitu ostean biloben esku dago orain. Ez da erraza negozio bati hainbeste urtez eustea, baina Jose Luis Miner saltokiaren jabeak uste du berrasmatzean dagoela gakoa: “Hasieran lasterketetako bizikletak saltzen genituen, baina egokitzen joan gara eta orain paseorako bizikletak saltzen ditugu”. Gaur egungo beharretara egokitzen asmatu du Minerrek, baina oraindik dendako hormek historia asko gordetzen dute.
Miruri oinetako denda ere orain dela 56 urte sortu zuten. Miner bezalaxe, familia negozioa da hau ere. Amonak sortu, alabak jarraitu eta orain Olatz Marcos bilobak eramaten du denda. Marcosek uste du garaiak aldatu egin direla, eta orain lehen baino gutxiago saltzen dela, nahiz eta baikorra den etorkizunarekin: “Grosen auzo bizitza asko dago, eta oso mugitua da”. Uste du jendeari bizitza auzoan egitea gustatzen zaiola: “Neuk ere hala egiten dut”.
Negozioak hainbeste urte irauteko gakoa espezializazioa izan dela uste du Marcosek: “Oinetako erosoak eskaintzen ditugu, larruzkoak eta forma egokia dutenak”. Uste du berezitasun horiek egiten dutela posible saltoki txikiak jarraitzea: “Gure bezero asko bizilagunak dira eta ondo ezagutzen gaituzte”. Gertutasuna eta kalitatea eskaintzen dutela azaldu du, eta uste du horrek bereizten dituela saltoki gune handietako zapata dendetatik.
Berrasmatu eta egokitu
Gaur egun familia negozio bat izan ez arren, horrela sortu zen La Dalia lentzeria denda ere 1929. urtean. Hiru denda ireki zituzten:?Parte Zaharrean, Erdialdean eta Grosen. Lola Alonso da gaur egun Groseko dendaren arduradunetako bat. Gaztetatik dihardu La Dalian lanean eta oso gertutik ezagutzen du negozioa. Urteen poderioz dendaren nolakotasuna asko aldatu dela azaldu du: “Lehen modista asko zeuden eta mertzeria modura funtzionatzen genuen gehiago. Gaur egun, aldiz, barruko arropak saltzen ditugu batez ere”. Uste du Groseko saltokiek berrasmatzen eta egokitzen asmatu dutela. Beraien kasuan, kate handiek eskaintzen ez dutena eskaintzen ahalegintzen direla azaldu du: “Jende gaztea dendara sartzean galduta bezala sentitzen da ez dituelako lehen begiratuan aukera guztiak ikusten; baina benetan zerbaiten bila etortzen bazara ziur La Dalian aurkituko duzula”. Alonsok azaldu du, esaterako, neurri guztietako barruko arropak aurki daitezkeela bertan; “hori ez da edozein saltokitan aurkitzen”.
Dena den, negozio bakoitzak bere berezitasunak ditu. Kiloka oihal dendak, esaterako, krisi garaian bizi izan zituen bere garairik onenak: “Guk krisi garaian dezente saltzen genuen eta orain baretzen ari dela dirudienean berriro gutxitzen ari da gure salmenta kopurua”, azaldu du Estibalitz Mitxelena dendako jabeak. Auzoan bizitza asko dagoela uste du eta horrek beraien negozioan eragiten duela dio.
Garai batzuk hobeak eta beste batzuk okerragoak izan dituztela aitortu du baina aurrera begira nahiko baikor dago, izan ere, uste du internetetik erosteko ohiturak ez diela beraiei zuzenean eragiten: “Jendeak gero eta gehiago erosten du Interneten, eta badakigu, esaterako, auzoko denda askori kalte handia egiten diela horrek, guri ez digu hainbeste eragiten”, azaldu du. Izan ere, Mitxelenak uste du garrantzitsua dela oihalen kolorea ondo ikustea eta oihala ukitzea.
Saltokiak ez ezik, taberna ugari ere baditu auzoak. Horietako bat da Casa Galicia. 1983. urtetik dago auzoan, gaur egun jabeak aldatu badira ere. Lidia Moreno, Casa Galiciako zerbitzariak azaldu du udaran lan asko izaten dutela, bereziki turistekin: “Kanpoko jende gehiago ibiltzen da gurean, auzokoak baino gehiago”. Neguan lasaixeago ibiltzen badira ere, udaran lan handia izaten dutela dio Morenok: “Grosen mugimendu handia egoten da uda garaian eta gainera gu oso leku onean gaude;?hondartzatik gertu eta oinezkoentzako kale batean”.