Plaza Berria, Uztailaren 18ko plaza edo Konstituzio plaza. Izena aldatu izan diote, baina xarma bera mantendu du. Duela 300 urte eraiki zuten lehen aldiz; eta 1813ko sutearen errautsetatik, gaur egungoa atera zuten, orain 200 urte.
Agintarien Soka-dantza, konstituzio plazan.
Parte Zaharraren bihotzean dago, eta donostiar guztiek zapaldu dute inoiz, nahitaez. Plaza Berria, Uztailaren 18ko plaza, eta Konstituzio plaza; horiexek izan dira bere historian barrena izan dituen izenak. Duela 300 urte eraiki zuten Plaza Berria, hiriak zuen plaza bakarra Bulebarrean zegoela eta: Plaza Zaharra. Hortik 100 urtera, aurreko plazaren oinen gainean, egungo plaza eraiki zuten, 1813ko sarraskiaren ostean.
Hiriak bere historia osoan izan duen hondamendirik handiena izan zen 1813koa, eta, horregatik, hiria berreraiki behar izan zuten hurrengo urteetan. Napoleonen tropa frantsesek Donostia bost urtez okupatuta eduki zuten, eta 1813an, erasoari ekin zion britainiar armadak, espainolekin aliaturik. Hala kontatzen du Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak: «Hiriak zituen 600 etxeetatik 35 bakarrik geratu ziren zutik, 1.000 donostiar inguru babesik gabe tiroz edo baionetaz erail zituzten, tropek eta beren ofizialek emakumeak, zaharrak nahiz neskatoak, sistematikoki bortxatu zituzten…». Elkarte berak eskaera egin zuen 2013an, Konstituzio plazak bere jatorrizko izena berreskuratu zezan: Plaza Berria. Oraindik ez da gaiaren inguruko eztabaida publikorik egon.
Txikizioaren ostean, Hercules Torelli ingeniari militarrak diseinatu zuen plaza berria, 1814an –donostiar batekin ezkondu zen italiarra–. 1816an dekretuz onartu zuten proiektua; eta, 1817an, gerra egon bazen ere, abendurako plaza bukatzea lortu zuten. Plaza neoklasikoa da, eta fatxaden konposizioa uniformea da. Etxabeak ditu, 20 arkurekin apainduta, eta hiru etxebizitza solairu, zenbakidun balkoiekin –zezen plaza izan zen garaikoa–.
Sutearen aurretik, eraikin barroko bat zegoen plazan, eta haren hutsunea betetzeko, 1819an, Torellik berak udaletxearen proiektua egin zuen. Hura hil ondoren, 1832an, Ugartemendia arkitektoak amaitu zuen lana. 1897an udalak alokairuan hartu zituen inguruko etxebizitza batzuk, ondorioz, balkoidun arkupeak eraiki zituzten, udaletxearen alboetatik etxebizitzetara. Duela 70 urte, Alderdi Ederreko eraikinera aldatu zuten udaletxea, eta, ondorioz, urte gutxira, Udal Liburutegia ezarri zuten Parte Zaharreko eraikuntzan.
Soka-dantzaren lekuko
Ospakizun askoren lekuko izan da plaza, eta gaur egun ere bada: San Tomas, San Sebastian, San Joan sua, dantza emanaldiak, kontzertuak… aurten ere, San Joan sua piztuko dute ekainaren 23an, eta alkateak eta udal ordezkariek Soka-dantza eskainiko dute, plazaren erdian jarritako lizarraren bueltan. Juan Karlos Izagirreren agintaldian hasi ziren berriro ere hiriko agintariak plaza agerian dantzan, 2011n; ondoren, Eneko Goiak ere jarrraitzea erabaki du. Dirudienez, Soka-dantzak ohikoak izan dira XVIII. mendetik, eta, Donostian, 1931tik agintariek dantzatu ohi zuten, ospakizun jakinetan. Jesus Mari Alkain alkatearekin itxi zen tradizioa, 1980an; dantzatzeari utzi zioten hurrengo udal gobernuek. Horrela, San Joan bezperan, Goizaldi dantza taldea aritu izan zen Konstituzio plazan.
Dantza saioaz gain, aurten, Donostiako Orfeoiak doako kontzertua eskainiko du, ekainaren 24ko gauean. Abesbatzak 120 urte bete dituenez, aitzakia ezinhobea iruditu zaio ospakizunarekin bat egiteko. Ekainaren 25ean, Txistulari Bandaren txanda izango da, eguerdian, eta hiriko dantza taldeetako haurrek dantzatuko dute Haurren esku dantza. Udaletxea herritarrentzat zabalik egongo da ekainaren 23tik 25era, eta plazaren duela 200 urteko itxura ikusteko aukera egongo da, hiru dimentsiotan.