Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako udaletxera eraman ditu donostiarren sinadurak, eta Eneko Goia alkateari idatzi bat helarazi diote
Arantza Zubizarreta –ezkerrean– eta Ana Pastoriza Satorralaiako kideak atzo, udaletxearen aurrean. (Argazkia: I. Esnaola)
Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu ondoren, Satorralaia bizilagunen mugimenduak metro igarobidearen aurkako 8.916 donostiarren sinadurak aurkeztu ditu Donostiako udaletxean. Era berean, Eneko Goia alkateari idatzi bat helarazi diote hiriak behar duen garraio ereduaren inguruan prozesu parte hartzaile bat abiatu dezan. Hain zuzen ere, metroaren galdeketa bat egiteko eskatu diote.
«Udalak ezin du ezjakinarena egin metro igarobidearen aferaren aurrean. Herritarren artean sortzen duen ezinegona eta desadostasun soziala nabaria da», azaldu du Arantza Zubizarreta Satorralaiako kideak. Proiektuari 400 alegazio baino gehiago aurkeztu dizkiotela azpimarratu du, eta datu horrek egiten duten eskaerari erabateko zilegitasuna ematen diela uste du. «Metro igarobidearen aurka helegiteak jarri dira, mobilizazioak egin dira edo 70 pertsonak sinaturiko manifestua kaleratu da».
Iazko otsailaren 9an Goiarekin bildu zen Satorralaia mugimenduaren ordezkaritza bat. Metro igarobidearen auzian herritarren partaidetzarako bideak ireki eta herri galdeketa bat egiteko konpromisoa eskatu zioten udalari. «Afera horretan udalak ez duela inongo eskumenik esan zigun alkateak», adierazi du Zubizarretak.
Herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera, eskaera Jaurlaritzari eskaera helaraziko ziola zin egin zien. «Alabaina, erakundeei egin dizkiegun eskaera guztiak paperontzira joan dira, eta Jaurlaritzak proiektua era inposatzailean ezartzen jarraitzen du. Horrela, herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera ez da inongo konpromisorik bete», salatu du Zubizarretak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak duela gutxi argitaratu duen inkesta dela eta, metroaren azpiegiturak jaso duen balorazioa «ezkorra» dela gaineratu du, eta horrek agerian uzten duela gizartearen aldetik duen babes txikia.
Metro igarobidea «indarrez» ezin dela «inposatu» adierazi du Zubizarretak. «Onartezina da eraikuntza lanak nola esleitu dituen Euskal Gobernuak, proiektuak Kostako baimenik izan gabe eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak eman behar duen epaia itxaron gabe». Horri lotuta, azpimarratu du pasa den abendutik helegite bat abian dela proiektuaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duena.
Igarobidearen ondorioak
Ikerketa Informatiboaren arabera, metro igarobidearen proiektuak Donostiari modu nabarmenean eragiten diola uste du Satorralaia mugimenduak. «Azpiegituren inpaktu fisikoa dela eta, ondarearen eta eskubideen gainean eragingo dituen kalteak agerikoak dira», esan du Zubizarretak.
Aldi berean, azpiegituraren ibilbidearen gainean eta inguruan dauden hainbat etxebizitza eta eraikinetan eragingo duen kaltea arduratzeko modukoa dela dio. «Aurreproiektuak 311 eraikineko zerrenda bat aurkezten du, ibilbidetik gertu daudelako kalteak nozitu ditzaketenak», esan du Zubizarretak. Kontxako hondartzako itsas-lurren eremu publikoarekin sisteman eragingo lituzkeen ondorioak ere aipagarriak direla azaldu du.
Udalari dagokionean, Satorralaiari gaitzesteko modukoa iruditzen zaio eztabaida publikoari uko egitea, eta proiektuak aurrera jarrai dezan erraztasun guztiak ematea. «Arrazoi faltsuak eta zuzentzen ez diren argudio okerrak erabiltzen ari dira. Adibidez, metro igarobideak Dbus-en zerbitzuan eragingo lituzkeen ondorio kaltegarriak ezkutatzen ari dira», salatu du Zubizarretak.
Jarduera gehiago
Metro igarobidearen kontrako mugimendua hiriko auzo ezberdinetan suspertzeko jarduera berriak iragarri ditu Satorralaia mugimenduak. Lehen biak Antiguan egingo ditu. Bihar, kalejira eta informazio banaketa egingo dute Matia kalean. 12:00etan abiatuko dira eliza ondotik. Bestalde, hurrengo asteartean, hilak 20, batzarra egingo dute Jose Maria Sert plazan, 20:00etan.
Hilaren 21ean, berriz, hitzaldi informatiboa antolatu dute Bidebietan. Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideek eta Dbus-eko Kurpil langileen elkarteko ordezkariek parte hartuko dute.