Amara Berriko sanjoanak ospatuko dituzte asteburuan. Txupinazoarekin hasiko dira gaur jaiak. Haur zein helduentzako hiru eguneko egitarau zabala prestatu dute
Ikasbide Kultur Elkarteko kide batzuk, Amara Berriko Probestu plazan. (Argazkia: L. Ferreira)
Ikasbide Kultur Elkarteak sustatuta, Amara Berriko San Joan jaiak piztu eta musikaz, dantzaz eta jolasez beteko dute auzoko Probestu plaza asteburuan. «Denon laguntzarekin antolatzen ditugu, eta gogotsu gaude festaz gozatzeko», nabarmendu dute Ikasbidekoek.
Gaur, Amarako AEK-k antolatutako haurrentzako jokoekin jarriko dute abian egitaraua, 17:30ean. Txokolate jatearekin indarrak hartu, 18:30ean, eta, jarraian, 19:30ean, txupinazoa botako dute. Jaiaren hasiera ofizialarekin irtengo da kalejira auzotik zehar, buruhandi, erraldoi eta Ikasbide Kultur Elkarteko dultzaineroek girotuta. DJ Ixak-ek jarriko du musika gauean, 21:00etatik 00:00etara, eta, 22:30ean, zezen suzkoa ibiliko da Probestu plazatik.
Bihar, larunbata, dianarekin hasiko dute eguna eta herri kirolak egingo dituzte haurrentzako, 11:30ean. Dantzatzeko aukera ere egongo da, 12:00etan, Amara Wellness-en zunba ikuskizunari esker. Ondoren, txapelketen txanda izango da: toka, haur eta helduentzako, 12:30ean; paella, 13:00etan; eta musa, 16:30ean.
Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek Supituki antzezlana eskainiko diete familiako txikienei, 17:30ean, eta, 18:00etan, tailerretan parte hartzeko parada izango dute, Haur Txoko eta Gaztelekuaren eskutik. Auzoko herri dantzak ikasten ibili diren hainbat talde egongo dira 18:30ean plazan, eta musikak jarraituko du gero. Izan ere, Eonian elektrotxarangak auzotik zehar egingo du ibilbidea. Afalduta, disko festa egongo da umeentzako, 21:30etik 22:30era, eta kontzertuak adin guztietako jendearentzako Zehazki, 22:45etik aurrera, Los Mc Gregor eta Los Perros de Pavlov musika taldeak igoko dira eszenatokira.
Asteburua amaitzeko, igandean, pala txapelketako finalak jokatuko dituzte, 11:00etan. Ikasbide Kultur Elkarteko txistulariekin kalejira bat ibiliko da auzoan zehar, 11:30ean, eta ordu erdi beranduago, 12:00etan, Ikasbide Ikastolako dantzariek emanaldia eskainiko dute.
Lehiaketek ere tokia izango dute igandean: ping-pong, 13:00etan; patata tortilla, 13:00etan; eta 6 eta 15 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzako futbol 3, 16:00etan. Horien artean, 14:00etan, elkartasunezko bazkari bat antolatu dute, Intxaurrondoko Zaporeak proiektuarentzako dirua biltzeko asmoz: «Iaz egin genuen lehen aldiz, eta harrera bikaina izan zuen». Hain justu, ia 4.000 euro bildu zituzten. Aurten ere beraiekin harremanetan jarri dira, eta diruz larri dabiltzanez, elkartasunezko bazkaria berriro egitea erabaki dute: «Ea lagun asko elkartzen garen eta gure ekarpentxoa egiten dugun errefuxiatuen alde».
Arratsaldean, 17:00etan, musika eta kantaldia egongo da, Juanlu Aranburu eta Jon Zubeldiaren eskutik. 19:00etan, lehiaketa guztien sari banaketa egingo dute, eta eguna pintxo potearekin amaituko dute, 20:00etan.
Beste auzoetan dihardute
Amara Berriko sanjoanak ez dira asteburu honetan ospatuko diren bakarrak. Izan ere, aurreko larunbatean hasitako Herrera eta Antigua jai giroan jarraitzen dute, eta ekainaren 23ra arte egitarau zabala izango dute.
Atzo egin zuten jaien hasiera ofiziala Herreran, txupinazo elegantearekin, eta, gaur dute musikari dagokionez egun indartsua. Non Servium, Porco Bravo eta Desembragadores taldeek joko dute, 22:00etatik aurrera, auzoko plazan. Bihar, gazte eta haurrentzako eguna izango da. Besteak beste, txupinazoa egingo dute jaietako pertsonaia Luisito eta Luisitarekin eta gazte kuadrillen arteko olinpiadak. Igandean, euskal jaia ospatuko dute, eta, 11:00etan hasita, egingo dituzte Herrerako II. Boilur azoka –hogei posturekin– eta Boilurrez ondutako gaztaren I. txapelketa.
Antiguan, berriz, Anje Duhalde eta bere taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da gaur, 22:00etan, frontoian. Bihar, haur zein helduentzako jarduera ugari antolatu dituzte, eta, igandean, Antiguatarrak dantza taldeak kalejira egingo du Matia kalean zehar, 12:00etan. Euskal dantzen emanaldia eskainiko dute gero, 13:00etan, frontoian.
Beste urte bateko San Joan bezperako irudi bat. (Argazkia: Ikasbide Kultur Elkartea)
Auzoko eragile guztien artean antolatu dute
Orain arte, Amara Berriko San Joan bezpera Ikasbide Kultur Elkarteak antolatu izan du, auzoko sanjoan jaien barruan. Baina aurten, Berritsu euskara batzordea osatzen duten eragileek hartu dute ardura hori: zehazki, Superxagu jai batzordea, Ikasbide Kultur Elkartea bera, Urrats eta AEK euskaltegiak, Amara Berriko Guraso Elkartea, Bagera elkartea eta auzo elkartea.
Antolaketan partaide gehiago daudenez, San Joan bezperak jarduera gehiago izango dituela nabarmendu dute Ikasbidekoek, tartean, bi berritasun gazteak erakartzeko: sorgin poteo musikatua eta akelarrea. Bigarren horretan sorginak, Aker, Mari eta inkisidoreak izango dira protagonista, eta ikuskizun bat eskainiko dute. Horiekin batera, herri dantzez eta txalapartaz gozatzeko aukera egongo da.
Ekainaren 23an, beraz, arratsalde eta gauerako hainbat jarduera prestatu dituzte Anoeta estadioaren aurrean. 19:00etan, sorgin poteo musikatua egingo dute –sorginez mozorrotuta–, Ilunki elkartetik. Ondoren, 19:30ean, kantu jira kalez kale ibiliko da, Ikaside Kultur Elkarteko San Juan abesbatza eta txistulariekin batera.
Azkenik, San Joan sua piztuko dute, baina, aipatu bezala, modu berezi batean. Izan ere, akelarrea egingo dute lehen aldiz, konjuru eta herri dantzekin.