Aritz Gomez: 'Zakurren inguruan'
Letra hauek idazten hasi naizen honetan, badakit ondo jakin, zakurren aldeko postura duten hiritarrak gainera etorriko zaizkidala. Hala ere apur bat zirikatzearren eta datu objektibotan oinarriturik, Donostian ditugun zakurrek produzitzen duten zikinkeria jasanezina dela saiatuko naiz argudiatzen. Datu objektiboekin hasiko naiz.
Eustaten arabera, 180.179 biztanle daude Donostian erroldaturik. 6100 kilometro karratuko azalera du eta 2953 biztanle kilometro karratuko da biztanle-dentsitatea.
Donostiako Udalaren arabera, 2015.urtean 14.000 zakur zeuden erroldaturik. Badira noski zakur bakarra baina gehiago duten jabeak, baina behetik bota dezagun eta esan dezagun badirela Donostian 14.000 pertsona zakurra dutenak (eta hortaz, gutxienez 166.000 pertsona zakurrik ez dutenak).
Zakur baten pixaren bolumena, 20 eta 40ml artean da eguneko eta kiloko. Donostian dauden zakurren pisua oso aldakorra da beste edonon bezala beraz hemen ere behetik botako dugu eta esango dugu media egiteko zakurrek 10 kiloko pisua dutela. Pixa kantitate minimoa eta zakurraren pisu txikiena biderkatuz erraz atera dezakegu zakur batek 200ml pixa egiten duela egunero. Ez da asko pentsatuko du norbaitek, informazio hau ordea kezkagarri bihurtzen da zakur kopuruarekin biderkatzen badugu. Horrela 200ml horiek 14.000 zakurrekin 2.800.000ml bihurtzen dira egun bakarrean, 2800 litro pixa alegia. Informazio hau are kezkagarriagoa bihurtzen da urteko egun guztietan zakurrek pixa egiten dutela kontutan hartuta, urteko 365 egunak gehitzen baditugu. Azken zenbakia 1.022.000 litrokoa da. Milioi bat litro zakur pixa gure kaleetan barna urte bakar batean.
Ideia bat egiteko, igerileku olinpiko baten neurri ofizialak 50 metroko luzera, 21 metroko zabalera eta 2 metroko sakonera izan behar ditu. Hiru zenbaki hauen biderketa egiten bertan sartzen den ur kantitatea jakitea lortuko dugu, 2100 metro kubiko, 2.100.000 litro alegia. Neurri honetako igerileku baten erdia pixez bete eta gure hiriko kaleetan banatzen ari dira Donostiako biztanleen %8a, urtero.
Aritz Gomez, komertziala