Nikolas Yurramendi: ‘Ia dena ondo’

Nikolas YurramendiHasierak beti izaten dira urduri egoteko arrazoi. Arraunean ere, ligako lehenengo estropada, hala izaten da. Neguan egindako guztia mahai gainean jartzeko garaia da, eta gehienetan, neguan eta aurre denboraldiko estropadetan ikusitakoa errepikatzen da gutxi gorabehera.

Lehen estropadaren bereizitasun handienetakoa, txanda zozketa, ez zen Donostiarraren ez aldeko eta ez kontrako suertatu: aurretik, aurreneko txanda zen hoberena, eta hirugarrena txarrena, guri bigarrena zegokigun. Kalea berriz, txarrena tokatu, estropada gogorra beraz. Txanda eta kale ona, berriz, Santurtziri egokitu zitzaion, eta ez zuen aukera gaizki aprobetxatu, trapua beraiek eraman baitzuten.
Tira, eser gaitezen traineru barruko tostetan eta egin dezagun estropada. Hasi berriak gara estropadan, eta dagoeneko errenta lortu dugu txandako beste traineruekiko, azkarragoak izan gara urte osoan eta, gaurkoan ere berdin izateko asmoa dugu. Santurtziarrak ditugu buruan, aurreneko txanda irabazi dute eta… gu baina azkarragoak izan ote dira? Hori buruan iltzaturik dugula egin ditugu hiru luze, eta laugarren luzea, ez da ezberdina izango. Entrenatzaileak Santurtziren denbora beretan gabiltzala esan digu, eta astindu handiagoa emateko garaia heldu dela. Denbora jakin bat dugu laugarren luzea egin eta Santurtziren aurretik iristeko, baina haizea alde izan arren, korronte handia dugu arerio. Kale madarikatua. Azken indarrak xahututa helmuga iritsi da, azkenean.

Gustura, baina ez gustura. Oso ondo, eta ez oso ondo. Gauzak kontran ageri direnean ere estropada ona egin dugu, eta bigarren sailkatu gara, aurrenekotik 4 segundora. Larunbatean txanda berean izango ditugu ainzat hartu beharreko Sotera, Zarautz eta Lekittarra, azken honetan ez bezala. Bigarren txandan, berriz, Deusturen gainean izango dugu begirada, txandako indartsuenak direlakoan.

Ia dena ondo egin arren ez da irabazten, baina, irabazteko, ia dena ondo egin beharra dago. Asmo eta gogo berarekin egingo ditugu hemendik iraila bitarteko estropada guztiak, ez izan zalantzarik. Eta ia dena ondo egiten dugunean, Bantxa trainerua azkar jartzen dugula ere badakigu. Etor daitezela uretako arerioak eta gailendu gaitzatela gu etxeko lanak ondo egiten gabiltzanean. Txapela kentzea besterik ez baitugu izango.

Saia gaitezen besteen txapelak jasotzen…

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend