Rikardo Burutaran zinegotzia eta Maider Otamendi legebiltzarkia, prentsa aretoan. (Argazkia: EH Bildu)
Prim kaleko 10. zenbakiko eraikina eta Arte Ederretako eraikina erabilera publikorako bideratzea eskatu du EH Bilduk. Proposamenaren berri eman dute Rikardo Burutaran udal taldeko ordezkariak eta Maider Otamendi legebiltzarkideak. Batetik, Eusko Jaurlaritzarena den Prim kaleko eraikinaren salmenta ez dutela babestuko azpimarratu dute. Bestetik, Arte Ederretako eraikina babesteko beharra azaldu dute.
Erabilera publikoa ziurtatzeko lau proposamen aurkeztu dituzte. Horietako bi Prim kaleko eraikinari begirakoak dira: gazteentzako alokairurako etxebizitza bihurtzeko aukera eta helduentzako eta behar bereziak dituztenentzako alokairurako etxebitza egokituak izatea. “Legez kanpoko pisu turistikoen eraginagatik, azken urteotan alkilerraren zein etxebizitzaren prezioaren garestitzearen ondorioz, gero eta donostiar gehiagok hiritik kanpo bizitzera alde egin behar izan dute, batez ere gazteak”, adierazi du Burutaranek.
Arte Ederretako eraikinaren erabilerari begira, beste bi proposamen plazaratu dituzte. Francisco Escudero musika kontserbatorioa bertara mugitu daitekeela proposatu du Burutaranek: “Kontserbatorioaren aspaldiko eskaera da leku faltan daudela, orain dauden eraikinak ez dituela beraien behar guztiak asetzen. Egungo eraikinetik oso gertu dago eta oso leku egokia litzateke horrelako aktibitate baterako, kontuan izanik auditorioa badagoela”. Bigarren aukera bezala, Donostiako hiriarentzat oso egokia eta aberasgarria litzatekeen Euskal Zinema eta Zinemaldiaren museoa bertan jartzea proposatu du.
Eusko Jaurlaritzak maiatzean egindako bilkura batean adostu zuen Prim kaleko eraikina salmentan jartzea. Hain zuzen ere, eraikinaren kostu bidezko besterentzea gauzatzeko Eusko Legebiltzarrari baimena eskatzeko erabakia hartu zuen. Besterentzea goranzko enkante bidez egingo dela planteatzen du, 7.006.955 euroko tasaren edo oinarrizko prezioaren truke.
Besterentzearen argudiaketarekin kritiko agertu da EH Bildu. “Bitarte publikoak herritarren ongizatea hobetzeko erabili ordez, turistifikazio prozesua areagotzeko erabiltzea proposatzen ari da Eusko Jaurlaritza”, azaldu du Burutaranek.