Dbusek sakelako telefonoetarako aplikazioa berritu du
Dbusek 2014aren bukaeran aurkeztu zuen bere aplikazioa. Geroztik 60.000 deskarga baino gehiago egin dira. Adierazi dute deskarga gehien dituen udal aplikazioetako bat dela. Gaur bertsio berria aurkeztu dute, Dbuseko erabiltzaileek jada eskura dezaketena. Bertsio berri hau doakoa da, eta prest dago Android gailuetarako. Laster iOS gailuetarako ere egongo da prest.
Erabiltzaileek egindako proposamenen eta iradokizunetan oinarrituta egin dituzte hobekuntza asko, hala adierazi dute arduradunek. Dbuseko lineen eta haien ibilbideen eta ordutegien gaineko informazio osatuena eskaini nahi du aplikazioak.
Bertsio berrian iritsiera alertak ezartzeko aukera dago. Dbuseko zerbitzuak euren geltokietara iristen direnean aplikazioak horren berri emango die. Gainera, Mugi txartela online kargatzeko sarbidea ere badu.
Aplikazio berriarekin, hizkuntza aukeratu dezake erabiltzaileak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago erabilgarri.
Zaharrentzat eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzat ere aplikazio praktikoa dela azaldu dute. Soinu bidezko informazio sistema bat du, iritsiera orduen berri emateko, eta autobus barruan ere geltokien inguruko informazioa ematen du.
Gainera, iritsiera denborak adierazteko modua aldatu dute. Orain arte, autobus zerbitzua autobus geltoki batera iristeko falta ziren minutuak eman dira. Orain, benetako iritsiera denbora ez ezik, planifikatutako denborak ere emango dira.