"Zer da normala izatea?" galderari erantzun diote Herri Ametsa ikastolan
Aniztasunaren gaia landu dute Herri Ametsa ikastolan, Lehen Hezkuntzako gela guztietan. “Zer da normala izatea?”, “Eta berezia?”, “Ez al gara denok bereziak?”, galdera horien bueltan lanean aritu dira ikasleak, eta zazpi minutuko ikus-entzunezko ederra osatu dute, Ez gara arruntak izenburupean.
Ugaitz ikaskidearen egunerokoaren berri eman dute; 11 urte ditu Ugaitzek eta komunikatzeko zailtasunak ditu: “Komunikatzea kostatzen zait, eta egiten dudanean hitz laburrekin egiten dut”, azaldu du. Bakoitzak bere berezitasunen berri eman du, eta ondorio garbia atera dute: “Herri Ametsakoak ez gara arruntak, bereziak eta mundialak gara”. Azken finean, Aitor Mendiluze Andoaingo bertsolariak bideoan dioen moduan, “Mundu bakar bat osatu eta bakoitza mundu bat gara”.