Kaiko Karmenak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Eusko Jaurlaritzak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dio ez diola inongo baldintzarik jarri Karmengo jai batzordeari kaiko jaiak antolatzeko. Karmengo jai batzordeak idatzitako oharraren harira hainbat ñabardura egin nahi izan ditu:
1 – Eusko Jaurlaritzak ez dio inolako baldintzarik ipini Karmengo Jai Batzordeari. Are gehiago, gaur gaurkoz, ez da oraindik jaietarako portuaren erabilera-eskaerarik tramitatu. Beraz, eskaerarik gauzatu ezean, nekez ezarri daitezke inolako baldintzarik.
2- Portuko jai eremuaren erabilerari dagozkion tasa ekonomikoetan ez da inolako aldaketarik egon azken urteetan zehar, araututako irizpide berdinak aplikatzen jarraitzen da.
3 – Udalari dagokio, bere eskumena baita, edozein festa ekintza baimentzea edo arautzea, bai eta ezarritako baldintza ezberdinen betearaztea.
Karmengo jai batzordea, aldiz, ez dator bat Eusko Jaurlaritzak azaldutakoarekin, eta azaldu du baimena berez udalak tramitatu behar zuela. Bestalde, gaineratu du azken urteetan 1.000 euro inguru ordaintzen zituztela, eta 2016an 15.000 euro eskatu zizkietela. “Tasa berez antzekoa da, baina lehen 200 metro koadro kobratzen zizkigun eta orain 4.000 metro koadro”. Azkenik, honela gaineratu du: “Udalak jaiak baimentzen dizkigu bai, baina Eusko Jaurlaritzak baimena eman behar digu lurra erabili ahal izateko; bestela, udalak bakarrik baimendu behar badu zergatik eskatu behar diogu baimena jaurlaritzari?”.