Ricardo Darin aktorea.
Ricardo Darin (Buenos Aires, Argentina, 1957), aktorea izango da 65. Donostia Zinemaldiko
Donostia Saria.
La cordillera filma aurkeztera etorriko da jaialdira, eta datorren irailaren 26an emango diote saria.
Ez da Donostian saritzen duten lehen aldia, 2015ean Zilarrezko Maskorra lortu baitzuen
Truman filmarengatik.
Haren filmek presentzia etengabea izan dute Donostian, eta etengabeak izan dira hirira egin dituen bisitak ere, 2001etik,
La fuga (Eduardo Mignogna) Sail Ofizialean lehiatu zenetik. Sail hartantxe aurkeztu zuen
El aura (2005) ere, Bielinskyrekin batera egindako bigarren lana. 2008an,
Amorosa soledad (Martin Carranza eta Victoria Galardi) Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zen. 2009an parte-hartze bikoitza izan zuen: bata
El secreto de sus ojos filmarekin, lehiaketan, eta bestea
El baile de la Victoria filmarekin, lehiaketaz kanpo. Cannesetik igaro ondoren,
Carancho 2010eko Perlak sailean proiektatu zen, eta
Elefante Blanco, Un Certain Regard sailean estreinatua, 2012ko Made in Spain sailaren aukeran sartu zen. Horrez gain,
Una pistola en cada mano ere hortxe proiektatu zen. Urte hartan, gainera, François Ozon-en
Dans la maison filmari Urrezko Maskorra eman zion Epaimahai Ofizialaren kide izan zen. 2013an
Violet (Luis Berdejo) filmeko aitona hila hezurmamitu zuen, eta lan hura Zabaltegirako aukeratu zuten. 2014an, Perlak sailean
Relatos Salvajes aurkeztu, eta Europako film onenaren Publikoaren saria jaso zuen, eta 2015ean berriz ere itzuli zen Sail Ofizialera,
Truman (2015) filmarekin, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortzera ex aequo Javier Camararekin.
La cordillera, Santiago Mitrek zuzendua eta idatzia da. Istorioa Txilen dago girotua, latinoamerikar presidenteen goi-bilera batean. Ricardo Darinekin batera, Dolores Fonzi, Erica Rivas, Elena Anaya, Daniel Gimenez Cacho, Alfredo Castro, Paulina Garcia eta Christian Slater ere antzeztaldeko kide dira. Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatua, irailaren 26an (asteartea) Kursaal auditorioan proiektatuko da. Zinema komertzialetan irailaren 29an estreinatuko da.