Fermin Muguruzak gaztetxeei eta Le Bukowskiri eskaini die Adarra saria
Fermin Muguruza musikariak Adarra Saria jaso zuen atzo, Viktoria Eugenia Antzokian. Eneko Goia Donostiako alkateak eman zion Adarra saria. Sortzaile irundarraren ibilbideaz hitz egin zuen Goiak, eta bere hitzartzean txistuak entzun ziren aretoan.
Muguruzak gaztetxeei eta Egiako Le Bukowski aretoari eskaini zien saria. Hain zuzen, Eneko Goia alkatea ondoan zuela, gogorarazi zion bere azken kontzertua Donostian Kortxoeneako teilatu gainean izan zela, gaztetxearen eraistea salatzeko. Eta Le Bukowski aretoa zaintzeko eskatu zuen, musikarientzat zuzenekoak egiteko ezinbestekoa delako.
“Ohituta nago erakundeetatik zigorrak jasotzera, ez sariak. Beraz, deitu zidatenean esateko Donostiako Udalak Adarra saria emango zidala, benetan adar jotze bat izango zen pentsatu nuen. Gero testuingurua eman zidaten. Ibilbidea aitortzeko saria zela, eta aurretik Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Ruper Ordorikari eman ziotela, berehala esan nuen onartu behar nuela. Hori eta gero, pentsatu nuen, ibilbidearen saria sekulakoa zela, eta gaur hemen egotea nire saria bazen, ez zela bakarrik niretzako saria. Gaztetxeentzako ere bazela saria. Ezin dut nire musika ibilbidea ulertu gaztetxerik gabe. Musikariok zuzeneko musikaririk gabe ez ginateke musikari izango. Donostian badago lokal bat beste Adarra sari bat mereziko lukeena, eta hori da Bukowski. Benetan, zaindu Bukowski. Beraz, sari hau ere Bukowskiri eskainiko diot”, esan zuen Muguruzak saria jaso zuenean.
Bideoa: Argia