Liburutegiak elkartzeko egitasmoa aurkeztu dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Koldo Mitxelena liburutegia eta Donostiako Liburutegi Nagusia elkartzeko lankidetza akordioa aurkeztu dute Denis Itsaso Gipuzkoako kultura diputatuak eta Miren Azkarate udaleko kultura zinegotziak. Akordio horren bitartez,
liburutegi zerbitzuak koordinatu, sustatu eta hobetu nahi dituzte.
Bi erakundeetako arduradun teknikoek, Jordi Permanyer aholkulariaren laguntzarekin, bi liburutegien egoerari buruzko azterketa sakona egin dutela azaldu dute. Azterketa horrek datu hauek erakusten ditu: “zerbitzu publikoen erabilera handitu da, neurri handi batean egoera ekonomikoak eraginda; lan merkaturako prestakuntza beharra handitu da eta baita ezagutza eguneratzeko beharra ere; zerbitzu publikoak hobetzeko eskaera handitu da herritarren aldetik; zailtasunak daude etorkinen populazioaren sektore batzuetara iristeko; asko erabiltzen dira Interneta eta wi-fia; eta zerbitzuen balorazio positiboa egin da”.
Nahiz eta zailtasun eta arazo ugari izan, bi erakundeen iritziz, aukera hau “paregabea” da hiriko liburutegien antolakuntzan jauzi kualitatibo garrantzitsua emateko, eta, halaber, beharrezkotzat jotzen dute baliabideak optimizatzea: “Nahiz eta baliabide horiek modu eraginkorrean erabili gaur egun, hobetzeko aukera dago zerbitzuen bikoizketa saihestuta”.
Hori dela eta, zerbitzu jakin batzuk bateratzeko formulak aztertuko dituzte. “Horrek esan nahi du bi entitate horietako zerbitzuak berrantolatu behar direla, baina bakoitzaren instalazio propioak mantenduko direla, betiere koordinazioa bilatuta erosketa politikan, jardueretan, eta programa informatikoan”, azaldu dute.
Bi erakundeek uste dute sei hilabeteko epean zehaztu ahal izango direla liburutegi bakoitzak bere gain hartuko dituen zerbitzuak eta horretarako erabiliko dituen giza baliabideak eta bitarteko ekonomikoak. Halaber, helburuak, ibilbidea eta kronologia ezarriko dira.
Azal dute datozen asteetan, Foru Aldundiko Kultura Departamentuak lehiaketara aterako duel
a Koldo Mitxelena zentroa erabat berritzeko proiektuaren idazketa, eta 2018. urtearen erdialdean obrak hasi bezain azkar, Departamentuko funtzionarioak beste gela batzuetara aldatuko direla.