Udalak jarri duen seinaleetako bat. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak itsasgarriak erabili ditu
istripu arriskuaz ohartarazteko. 2016an oinezkoek eta ibilgailuek harrapaketa gehien izandako 31 gunetan seinaleak jarri ditu. Seinale bakoitzak aholku bat proposatzen du, gune horretako istripu arriskua murrizteko. Gida bat ere argitaratu dute,
#Badago zer saihestu izenburupean.
“Errepidea semaforoa gorrian dagoenean gurutzatzen dugunean, bizikletatik jaisten ez garenean espaloitik joateko, edo baimendutakoa baino abiadura handiagoan gidatzen dugunean istripu arriskua areagotzen dugu”, adierazi du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Kanpaina hau Mugikortasun sailak sustatu du, eta bertan zabaltzen diren mezu eta aholkuak jarraitzeko eskatu du.
2016an 123 harrapatze gertatu ziren Donostian. Biktima gehienak emakumezkoak izan dira, 68 guztira. Eta gizonezkoak, 57. Biktimen %32ak adineko pertsonak ziren.
Kanpaina zabaltzeko hainbat jarduera antolatu ditu udalak. Lore zuriak banatuko ditu egunotan Bulebarrean, San Martin kalean, Mirakruz kalean, Altzako Harria parkean, Amara Berriko Arcco merkataritza zentroan eta Antiguan. Loreen bidez ohartarazi nahi dute istripu arriskua benetakoa dela, eta lore horiek senideentzat izan daitezkeela, zuhurtziaz jokatzen ez bada. Gainera, txirrindularientzako bidoiak banatuko dira oinezkoentzat egokitutako hainbat gunetan. Ekainaren 27an, 28an eta 29an banatuko dituzte.