Bulebarreko turismo bulegoaren aurrean protesta egin dute Ernaiko kideek. (Argazkia: Ernai)
Ernai gazte erakundeak ez du gogoko hiriko turismo eredua, eta salatzeko manifestaziorako deia egin du. “Azken urteetan turismoaren presentziak modu basatian gora egin du, eta hiriaren erdigunea hartu du. Udan, gainera, egoerak muturrera egiten du.”, adierazi dute Bulebarrean egin duten agerraldian. Aste Nagusian egingo dute manifestazioa, abuztuaren 17an, “Donostia bizirik behar dugulako, Herria bizirik dagoelako!”.
Turista kopuruak gora egin duela salatu dute, eta, horrekin batera, baita gazteen prekarizazio maila ere: “Udan turismoaren denboraldi altuarekin batera, prekarietatearen denboraldi altua inauguratzen da gazteontzat. Eta zein da guzti honetan gazteon lana? Izozkiak saldu sos batzuen truke, tabernan aritu ordu txikietan eta kontraturik gabe, museoetan denboraldi baterako azafata lanak, sukalde estuetako laguntzaile, hoteletan garbitzaile… ”
Horrela, haserre daudela adierazi dute: “Badakigu egoera horrek kapitalismoaren estrategia zehatz bati erantzuten diola, eta, gainera, erantzule zuzenak dituela. Aberasten diren multinazionalak, hotelak, ostalari mafiosoak, eta nola ez, basakeria guzti hau udaletik babestu eta sustatzen duen PNV-PSOE-PP aliantza”.