Ane Urrutikoetxea, 'Turismoaren paradoxa'
Azkenaldian maiz azaldu dira Tourist Go Home leloak hiriko paretetan. Duela urte batzuk, turistei Euskal Herrian zeudela gogorarazten zieten kartelak zintzilikatzen ziren, baina azkenaldian zuzenean etxera bueltan joateko gonbidapen ez oso lagunkoia egiten zaie. Turistekin geroz eta haserreago dabiltza hiritar asko, geroz eta goizago datozelako, erdiguneko etxeak okupatzen dituztelako, eta kafe edo pintxo batengatik edozer ordaintzeko prest daudelako. Baina nolakoak gara gu turista bihurtzen garenean?
Low Cost hegazkinek, Instagrameko argazki ikusgarriek, Free Tour erakargarriek, eta nola ez, Airbnb alokairu sistemak erabat aldatu du oporretara joateko modua azken urteetan. Inoiz baino errazago bidaiatzen dugu, gehiegi aurreztu beharrik gabe, eta turismo bulegotik igaro ordez, TripAdvisorren klik batekin aurkitu dezakegu behar dugun informazio guztia. Baina plataforma horiek erabiltzean nor ari da gure diruarekin aberasten? Herritarrak edo Interneteko plataforma horien jabeak? Benetan ote da hiriko jatetxe onena orrialde horretan bost izar lortu dituena? Ala denok ari gara toki berean afaltzen, inguruan dugunari erreparatu gabe?
Argi dago denok dugula bidaiatzeko eskubidea, baina gure bidaiak antolatzeko moduari erreparatu behar genioke. Turista moduan nahi duguna egiteko eskubidea ote dugu? Edozerk balio du? Noiz bihurtu da turista parasito xurgatzaile bat? Merke bidaiatzea eta bisitatutako hiria errespetatzea bateragarriak dira, baina kontsumo ereduen inguruan hausnartzea beharrezkoa da horretarako.
Kontsumo jasangarrirako deia egiten den moduan, turismo jasangarri eta errespetagarri baten alde egitea litzateke oreka bilatzeko bidea. Turistei etxera joateko esan ordez, hiria errespetuz bisitatzeko moduak erakutsi beharko genizkieke, denda txikiak bisitatzeko informazioa zabalduz, auzo bakoitzak eskaini dezakeena azalduz, bizikletan eta garraio publikoan mugitzeko erraztasunak emanez, eta lizentziarik ez duten alokairuzko pisuak isunez zigortuz. Bestalde, prezioen etengabeko igoera neurtzea ez legoke gaizki; ez da etikoa urte guztian zehar prezio bat izan duen kafe batek udan hirukoitza balio izatea, ez bertakoentzat ezta turistentzat ere. Venezian, Amsterdamen edota Bartzelonan duten turismoa, masifikatua izateaz gain, suntsitzailea ere bada, eta eredu okerragoak ere badaude, Mallorca edota Ibiza, kasu. Gure esku dago eredu hori Donostiara ez iristeko lan egitea. Eta paradoxa handitu ez dadin, turista bihurtzen garenean gure bidaiatzeko modua aldatzen hasi gaitezke.