1923 urte inguruko giroa berreskuratzeko asmoz, proba berezia egingo dute larunbatean, Gipuzkoan barrena. Auto klasikoek lurraldea igaroko dute, herriz herriz, ibilbidea Donostian hasi eta bukatuko dutelarik.
Auto klasikoak, Okendo plazan. (Argazkia: Kutxateka)
Urte askoan izugarrizko ospea izan zuen Donostiako Automobilismo Zirkuituak. Orduko giroa berrreskuratuko dute bihar, larunbata, San Sebastian Circuit Spirit delakoan. Antolatzaileek ongi pentsatutako ibilbidea antolatu dute, Gipuzkoan barrena, 1923an Gipuzkoa zeharkatu zuen auto ilara handia gogora ekartzeko asmoz. Horrela, auto klasikoek igaroko dute lurraldea.
1923an hasi ziren Donostiako Automobil Zirkuituko lasterketa handiak, Donostiako Bigarren Erakustazokarekin batera. Eduardo Lagarde ilustratzaileak egin zuen lehenengo probaren kartela , eta horrela zioen: «Automobilaren Aste Nagusia». Uztailaren 21etik 26ra egin zuten, eta Donostia ikusgai jarri zutela diote, Europa osoaren aurrean.
Geroztik, hainbat aldiz egin zituzten lasterketak Donostiako Automobil Zirkuituan, 1935era arte, –1931 eta 1932 urteetan izan ezik–. Zaleentzat Lasarteko Zirkuitua zen, Lasarten zegoelako lasterketen irteera eta helmuga. Edonola, antolatzaileen esanetan, ospe handia lortu zuten lasterketek Europan. Bertan jokatu zituzten, besteak beste: Espainiako Sari Nagusia, Europako Sari Nagusia, Donostiako Sari Nagusia eta Hamabi orduko Kriteriuma.
Antzinako zirkuituak 17,815 kilometro zituen, eta zeharkatzen zituen Andoain, Urnieta eta Hernani, besteak beste. Noski, auto modelo asko aritu ziren lehian: Elizalde, Hispano Suiza, Nazzaro, Delaye, Ford, Talbot, Maserati, Bugatti, Alfa Romeo, Mercedes Benz, Auto Union… Pilotuak ere anitzak izan ziren: Garnier, Almenar, Basterra, Belven, Satrústegui, Morel, Dubonnet, Nuvolari, Chiron, Varzi, Rosemeyer, Caracciola, Siena, Von Stuck…
Berezia izan zen VI. Automobil Zirkuitua, 1928koa. Izan ere, Donosti autoa izan zen lasterketako ibilgailu pilotua. Donostian egin zuten auto hura, hasieratik bukaerara, piezaz pieza. Garaje Internacional enpresaren jabeak arduratu ziren eraikuntzaz: Agustin Mañero eta Gregorio Mendiburu. 1920ko hamarkadan autogintzak gorakada nabarmena izan zuen, eta testuinguru hartan sortu zuten Donosti autoa ere. Ale bakarra izan zen, ez dago munduan beste bat horrelakorik.
1928ko uztailaren 25ean aurkeztu zuten lehen aldiz Donosti ibilgailua, Espainiako Sari Nagusian. Bataz beste 114 kilometro orduko abiadura hartu zuen Lasarteko zirkuituan, ikusleen harridurarako. Gerora, ordea, etorkizun gordina izan zuen. 1936ko gerran konfiskatu zutelako beldur, desmuntatu eta tailerrean jaso zuten. Zorionez, esku askotatik igaro ostean, bildumagile gipuzkoar batek erosi zuen, eta ikusgai jarri zuten San Telmo Museoan, iazko uztailetik aurtengo urtarrilera.
Alderdi Eder, elkargunea
Aurtengo ekitaldi berezian, Donostia izango da ibilbidearen irteera eta helmuga. Alderdi Ederretik abiatuko dira autoak, 10:30ean; Mirakontxa pasealekua igaro eta eta Lasarteraino joango dira. Iruratik, Asteasutik, Aiatik eta beste herri batzuetatik igaro ostean. Zarauztik barrena, Getariara iritsiko dira, eta atseden hartuko dute bertan. Zumaia bisitatuko dute arratsaldeko lehenengo orduan, eta handik Zestoara joko dute, hango urak sendagarriak zirela eta, Belle Epoque garaian, Europako aristokrazia Zestoan elkartzen zelako. Loiolako santutegia ere ikusiko dute.
Donostiara itzultzean, beste herri batzuetatik pasako dira, Errezil, horien artean. Azkenean, Kursaaleko zubitik sartuko dira hiriaren erdigunera, 19:00etan berriro ere Alderdi Ederren bukatzeko.