Dandaiko kideek gogoko dute gauza berriak ikastea; ekarpen bat egin diote Egiari, txosten bat osatu baitute, ikertzen aritu ostean: ‘Egiako emakumeen aztarna’.
Dandai Emakumeen Elkarteko kideetako batzuk, Egiako Tejeria kalean duten egoitzan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Egiakoak dira Dandai emakumeen elkarteko kide gehienak. Guztiak ere 70 urteren bueltan dabiltza, eta ikasteko eta gauza berriak egiteko gogoz dabiltza. Egiako emakumeen aztarna da euren azken lorpena. 1950 eta 1970 urteen bueltan auzoan garrantzia izan zuten andrazkoen inguruan ikertu dute, eta argazkiak eta dokumentuak bildu ostean, euren txosten propioa osatu dute. «Oso pozik gaude egin dugunarekin, baina badakigu hobetu dezakegula eta azaroa arte horretan saiatuko gara», dio ellkarteko Pilar Romeak. Izan ere, bildutako informazioa aprobetxatuz, bisita gidatu bat antolatu zuten auzoan, joan den asteburuan; oso pozik geratu ziren bi orduko bisitarekin, eta azarorako beste bat egin nahi dute, osatuagoa.
Ikasturtean barrena, arratsaldeetan hainbat tailerretan parte hartzen dute Dandaiko emakumeek: literatura, euskara ikastaroa, gimnasia, pilates; tai jia, pintura, joskintza… Itziar Igartuarekin, garapen pertsonalerako tailerrak egiten dituzte, astean ordu batez. Igartuak berak proposatuta hasi ziren Egiako emakumeen inguruan ikertzen, ikasturte hasieratik.
Lanbideak eta pertsonaiak
Joan den asteburuan egindako bisitan, hamar geltoki egin zituzten. Mugikortasuna kontuan izanik osatu zuten ibilbidea, aldapetan gora eta behera ibili beharrean: Kalkutako Teresa plaza, Aldakonea, Mandasko Dukea, Frantziskotarren parrokia, Tabakalera, Egiako parkea, Egia eta Ametzagaina kaleak, Egia eta Karmengo Ama kaleak, Kata plaza eta Dandairen egoitza. «Emakumeek egindako lanak eta izandako lanbideak ez dira sekula agerian geratu. Egiako kale izendegian, adibidez, duela gutxira arte, oso gutxi ziren emakumen izenak zituzten kaleak», diote Dandaikoek.
Kontu askoren artean, gogoratu dute euren belaunaldiko andrazko askok ezin izan dutela ikasketarik egin, gizonek jasotzen zutelako pribilegio hori. Ikasketarik izan gabe ere, emakume haiek goraipatu nahi izan dituzte, egin zuten lan guztiarengatik, euren familiak aurrera ateratzeko.
Horrela, bilaka hasi eta hainbat emakume azaleratu dituzte:?ospitale militarrean lan egin zuten moja erizainak, esnezaleak, hirira lanera etorri ziren gizonei logelak alokatzen zizkietenak, etxekoandreak, Tabakalerako langileak, dendariak, kaleko arrain saltzaileak…
Horietaz gain, berezko izena izan duten emakumeak ere badaude Egian, euren ibilbideagatik. Idazleen artean, esaterako, Arantxa Urretabizkaia aipatu dute, baina ez dute zalantzarik, arreta gehien deitu diena Casilda Hernaez anarkista izan da. Casilda miliziano gisa igaro da historiara. Berak, ordea, ez zuen gogoko ezizen hori. Nahiago zuen borrokalari eta iraultzaile moduan identifikatua izan. Miliziano izatearena bere alderdietako bat bakarrik izan zen. Ekintzaile sindikalista izan zen, feminismoaren bultzatzaile sutsua, eta ingurumenarekiko errespetuzko bizitzaren aldekoa. «Bere senitarteko batekin harremanetan jartzea lortu genuen eta informazio pila bat eman zigun. Bere bizitza osoa jaso dugu gure blogean», azaldu du Romeak.
Lanarekin oso pozik geratu diren arren, esan bezala, lanean jarraitzeko asmoa dute, eta auzotarrengana gehiago iristea izango da hurrengo erronka. Izan ere, informazioa biltzeko Egiako hainbat bizilagunen laguntza izan duten arren, bisitan auzotar gehiagoren falta sumatu zuten. Gainera, dagoeneko erakunde publikoetako ordezkari batzuk joateko interesa dutela ziurtatu omen diete.