Sei lagun astebetez gose greban egon dira Easo plazan. Azken urtean hainbat izan dira erraustegiaren aurka egin dituzten protestak. Hiru belaunaldi bildu ditugu euren bizipenak jasotzeko.
Erraustegiaren aurka borrokan jarraituko dutela diote. (Argazkia: Malen Aldalur)
Erraustegiaren aurkako borrokan buru-belarri dabiltza Teresa Lopez (Igara, 1963), Juanmi Galatas (Añorga, 1943) eta Julen Lorenzo (Andoain, 1997). Gose greba egin duten sei kideetako bat da Lopez; mugimenduan urte mordoa darama Galatasek;?eta bere lehen militantzia esperientzia bizitzen ari da Lorenzo.
Zergatik hasi zineten mobilizatzen?
Teresa Lopez (T.L.): 2002. urte inguruan nire etxetik oso gertu jarri nahi zuten erraustegia, Aritzetan. Ni bizi naizen lekutik bi kilometrora. Hori dela eta, auzokideak elkarri telefonoz deitu eta antolatzen hasi ginen. Orduan, eragile batzuk hitzaldiak ematen hasi ziren, batez ere, sendagileak eta ekologistak. Kontzientzia hartzen hasi ginen.
Juanmi Galatas (J.G.): Ni ere garai horietan hasi nintzen mobilizatzen. Hasieran bi erraustegi egin nahi zituzten:?bata Txingudi inguruan, eta bestea hemen. Dantzan ibili zen. Aritzetatik Landarbasora, Landarbasotik Urnietara eta Urnietatik Zubietara. Hori dela eta, herri bakoitzean erraustegiaren aurkako taldeak sortzen hasi ziren. Gero egia da geldialdi moduko bat egon zela. 2011ko gobernu aldaketarekin gure indarrak beste norabide batean jarri genituen; gaikako bilketa indartzean. Pentsatzen genuen erraustegiaren historia bukatu zela eta beste soluzio batzuk aurkituko zituztela. Baina ez zen hala izan. 2015eko gobernu aldaketarekin gaur egungo agintariek garbi utzi zuten beraien lehentasuna erraustegia zela. Hori dela eta, berriro indartu behar izan genuen mugimendua;?beti ere, gaikako bilketaren garrantzia ahaztu gabe.
Julen Lorenzo (J.L.): Ni ere orain dela urte dezente hasi nintzen informatzen eta mobilizatzen. Arazo larri baten aurrean geundela ikusi nuen, batez ere, arazo ekonomikoengatik eta osasun arazoengatik. Dena den, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduan aktiboki parte hartzen oraindik ez ditut bi urte ere egin.
Zein da gaur egungo egoera?
T.L.: Esan zuten inaugurazioaren ondoren hasiko zituztela lanak, baina ez dago batere argi lanak hasi ote dituzten edo ez. Herritarrak informatzea eta kontzientziatzea, erraustegia geldiaraztea eta kalte ekonomikoak eta osasun kalteak saihestea dira gure lehentasunak.
J.G.: Nik uste dut lanak oraindik ez direla abiatu, ez dakit zergatik baina trabatuta-edo daudela dirudi. Hala ere, lanak hasten badira horien kontra joango gara; eraikitzen badute, piztearen aurka egingo dugu; eta pizten baldin badute, erregairik ez dezan izan ahaleginduko gara. Izan ere, konponbidea hain da erraza. Gipuzkoako hainbat herri dira horren adibide, eta Europatik ere gauza bera esaten digute.
Desinformazioa eta informazio eza salatu duzue EITBko eta El Diario Vascoko egoitzetan.
T.L.: Badirudi komunikabide handiek isildu egin nahi gaituztela. Baina gu zazpi egunez irten gara kalera jendeari gertatzen ari dena aurrez aurre azaltzeko; hori izan da gose grebaren helburua. Hala ere, badugu egunkari bat desinformazioaren ingeniaritzan aditua dena, eta, ondorioz, jendea oso nahastua dago.
J.G.: EITB ere hemengo komunikabide handien artean sartzen dugu, eta ematen digun estaldura informatiboa nahiko txarra dela uste dut. Esango nuke gose grebari buruz ez zuela aipamenik egin.
Jendea erraustegiaren kalteez ez dela ohartu uste duzue?
T.L.: Amiantoarekin gertatu denarekin konparatu daiteke egoera. Agintariek bazekiten amiantoa kantzerigenoa zela eta ez zuten alarmarik piztu, leku guztietan erabili zuten. Orain, mende baten ondoren ardurak eskatzen hasi dira. Erraustegiaren ondorioak ere denborarekin antzemango direla diote medikuek eta agintariek mahai gainean dituzte txosten horiek. Ziur hemendik 30 urtera erraustegi guztiak kendu nahiko dituztela, amiantoarekin gertatu den bezala.
J.G.: Jendeak garbi izan behar du gu txiki-txikiak garela, eta beste batzuk handi-handiak. Hedabide batzuek dirutza gastatzen dute propaganda egiten. Esaten dute zabortegiak itxi egin behar direla, Europak ere hala esaten duela. Baina jakina da zabortegiak beti egon beharko dutela. Zergatik??Erraustegian sartzen denaren %20 zepa bihurtuko da. Zepa horrek gaur egun ez du inolako erabilerarik. Zepa hori toxikoa izan daiteke, baina ez da hori bakarrik, sartzen den zaborraren %2 edo %3, hau da, 6.000 edo 8.000 tona errauts bihurtuko dira. Mundu guztiak daki errautsa arriskutsua dela, eta, horregatik, tratamendu berezia behar du, ondorioz, zabortegiak behar dira. Jendeak zabortegiak itxi nahi ditu, baina zerbait egin beharko dugu sobratzen zaigunarekin. Kontua da, ez dela berdina 200.000 tona sobratu edo 40.000 tona sobratu. Zenbat eta zabor gutxiago sortu
tratamendua merkeagoa eta osasungarriagoa da.
Erraustegiaren aurkako gose greba egin duten sei lagunak, Easo plazan.
Protestak protesta, badirudi Zubietako erraustegia aurrera doala. Nola bizi duzue gaur egungo egoera?
J.L.: Gose greba hasi genuenetik mugimendu handia egon zen. Jendea haserre eta kezkatuta dago. Politikariek gezurra esan diete, eta minduta daude. Gainera ikaragarria izan da gose greban egon direnen adorea eta auzotarren babesa.
T.L.: Hori egia da, auzoko babesa ikaragarria izan da. Guk ikusten ez genituen beharrak ikusi dituzte. Etxe partikularretako eta elkarteetako giltzak utzi dizkigute. Udalak, aldiz, ez gaitu hainbeste lagundu. Easo plazan lo egiteko baimena hiru egunetarako soilik eman zigun. Gainerako egunetan, han dagoen alderdi politiko baten egoitzan egin dugu lo.
Horrez gain, gure lehenengo ideia Gipuzkoa plazan egitea zen baina udalak ez zigun baimenik eman. Ikusi dugu kanpatzeko ere ez garela libre, eta uste dugu hori adierazpen askatasunaren aurka doala.
Dena den, jendearengana iristea lortu duzuela diozue.
T.L.: 5.000 eskuorri inguru banatu ditugu, jende asko gerturatu da galdetzera, eta horrexegatik egin dugu egin duguna. Jende askorengana iristea lortu dugula uste dut.
Aurretik ere hartu izan duzue parte halako borroketan?
J.G.: Herri honetan beti egon dira aukeratzeko nahiko mugimendu. Gogoan dut aspaldi Lemoizko zentral nuklearraren garaian han ibili ginela Lemoiz ez! aldarrikatzen. Erraustegiaren aurka borroka ugaritako jendea biltzen da; presoen eskubideen alde dabiltzanak, sindikatuak, ezker ikuspegiko jende pila bat. Hau konpontzen dugunean aurkituko dugu beste zerbait.
J.L.: Nire kasuan horrelako mugimendu batean parte hartzen dudan lehenengo aldia da. Injustizia honen aurrean mugitzeko beharra sentitu nuen, eta hemen nago.
Azken aldian, munduko beste erraustegi batzuek izandako istripuak agertu dira prentsan.
T.L.: Erraustegiek etengabe izaten dituzte istripuak. Bizkaiko Zabalgarbin bertan ere langileak sukar berezi batekin egon ziren.
J.G.: Ni gaur egun funtzionatzen ari den erraustegi baten ondoan bizi naiz; Cementos Rezola ondoan. Seguru asko Zubietako erraustegia ere funtzionamendu normalean dagoenean hainbestean ibiliko da, baina beti egiten dira akatsak, eta, orduan, airearen kutsadura oso inportantea izaten da. Irtenbidea erraza da: murriztu, berrerabili, birziklatu, konpostatu eta gero geratzen den apurra tratatu. Txukun birziklatzen dugunok badakigu apurra dela geratzen dena.
Eragile asko aritu zarete erraustegiaren aurka: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Gipuzkoa Zutik eta Gurasos.
T.L.: Elkarren osagarri gara. Erraustegiaren aurkako iniziatiba guztiak ongietorriak dira. Nik esaterako legeez ez dut asko ulertzen, eta hor lan ona egin dute Gurasoseko kideek. Gazteak altxatzen direnean, berriz, olatu bat sortzen da. Denok partekatzen dugu oxigenoa eta borroka hau.
J.G.: Agintariek eta enpresa handiek indar asko dute eta ekarpen guztiak dira beharrezkoak. Bakoitzak bere borroka moldeak ditu, eta aurrerantzean ere agian sortuko dira eredu gehiago. Baina guztiok gaude proiektu hiltzaile eta garesti honen aurka.
Behin baino gehiagotan aipatu duzue ez duzuela etsiko. Zergatik?
T.L.: Momentu historiko baten aurrean gaudela uste dut. Ingurumena izugarri azkar aldatzen ari da. Ni hemen bizi naiz, naturaren parte naiz, eta naturak ematen dit bizitza. Kezkatzen nau halako aldaketak gertatzen ari direla ikusteak, baina ez dut esperantza galdu. Hala ere, ikusten dut, esaterako, itsasoa ni jaio nintzanetik gaur egunera asko aldatu dela; baita itsasertza ere. Lurrak eraikitze enpresekin lehiatzen du; eta nekazariak eta abeltzainak itota daude. Nik nire esku dagoena egin nahi dut hori aldatzeko. Uste dut jendeak erantzukizun etiko bat hartuta gauzak aldatu daitezkeela, adibidez, gehiago birziklatuta.
J.G.: Nik 64 urte ditut dagoeneko eta aita izateaz gain, aitona ere banaiz. Ez diet gure ondorengoei mundu erdi erre bat utzi nahi. Munduak produzitzen duena baino askoz gehiago kontsumitzen ari gara. Zer zerikusi duen guzti honek hondakinekin? Bizitza ziklo labur baten ondoren dena hondakin bihurtzen dugu. Lehen gauzek iraupen gehiago zuten; gaur egun gero eta handiagoa da gauzak erabili eta botatzeko joera, eta hori, nolabait, gure esku dago. Hondakinak nik sortzen ditut eta nik birziklatu behar ditut. Irtenbidea nire esku eta nire herriko udalaren esku ere badago. Beste gai batzuk agian urrutiago geratzen zaizkigu. Gizarte diferente bat eraiki nahiko nuke, eta, horretarako lehen pausoa izan daiteke hondakinak berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostatzea. Ez diet nire haurrei eta bilobei mundu kiskali bat utzi nahi.
J.L.: Nik uste dut erraustegia geratzeko garaiz gaudela oraindik; baina kalean jarraitu beharko dugu, modu batera edo bestera azken herritarra informatu arte. Jendeak atzean dagoen ustelkeria guzti hori ikustea lortu behar dugu. Orduan erreakzionatuko dutela uste dut.